Eraso sexistarik gabeko jaien alde kanpaina aurkeztu du Iruñeko Udalak, sanferminei begira. Aurten, semaforoa izanen da diskurtsoa helarazteko ikonoa. Onargarria dena eta ez dena markatuko du. Pertsona famatuei eskatuko diete zirkulu gorri edo berdeak eskuetan argazkiak egiteko, eta horren barruan jarriko dituzte mezuak: berdean, onargarria dena; gorrian, ez dena.
Ez nazazu begiradarekin biluztu, Bai nire estereotiporik gabeko edertasunari, Ez iezadazu ipurdia ukitu... horiek dira esaldietako batzuk. Kontzientziazioa. Hori da xede nagusia, bai eta herritarrek eraso matxistei erantzuteak duen garrantzia ikus dezaten.
Horrez gain, kanpainaren harira, Informazio Gunea muntatuko dute Gaztelu plazan. Aurten, gainera, telefono zenbaki bat jarri dute herritarren eskura, eraso matxisten bat ikusi edo pairatuz gero, bertara deitu eta laguntza jasotzeko helburuz.
Txupinazoan, eraso sexistarik ez emateko xedez, Iruñeko Udaltzaingoak segurtasun neurriak handituko ditu eta bereizmen handiko kamerak ezarriko dituzte, era berean, erasotzaileak identifikatzeko. Halaber, "zonalde arriskutsuetan" patruila gehiago egonen dira.
Hamar billabesetan jarriko dituzte kanpainako irudiak, 20.000 gida eginen dituzte, gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez, eta 400 intsignia banatu. Bestalde, Nazioarteko Prentsa Bulegoan ere informazio guztia banatuko dute, hedabideek profesionalki jorratu dezaten eraso matxistekin loturiko informazioa.
Lau hizkuntzetan egonen da eskuragai kanpaina: QR kodearen bidez.
Kanpaina Sanferminak Berdintasunean taldearen ekimenez sortu da.