Iruñeko Udalak txostena zabaldu dio ustez emakume trafikoan aritzeagatik atxilotutako udaltzainari

Euskalerria Irratia 2016ko ekainaren 13a

Sexu esplotazio sarearen aurkako operazioan parte hartu duten zenbait polizia.

Hamalau lagun atxilotu dituzte emakumeen esplotazio nazioarteko sare baten aurkako operazioan, horietarik bederatzi Iruñean. Nafar hiriburuan bost etxe arakatu dituzte eta lau emakume askatu. 

Iruñeko udaltzaina da atxilotuetako bat, eta aske utzi dute behin-behinean. Udalak aditzera eman duenez txostena zabaltzeko tramiteak abiatu ditu dagoneko.

Espainiako, Frantziako eta Paraguaiko poliziek egin dute operazioa eta hamabost emakume askatu dituzte guztira. Talde batek emakumeen salerosketan eta sexu esplotazioan ziharduela jakin zuen poliziak  biktimetako batek Espainiako Poliziari egindako dei baten harira. Paraguain lanpostuak eskaintzen zizkieten, eta Europara eramaten zituzten; ondoren, Iruñean, Naoneden (Bretainia) eta La Roche sur Yon-en (Frantzia) prostituzioan aritzera behartzen zituzten.

Behin Iruñean, Naoneden eta La Roche sur Yon-en, bidaiarengatik 3.000 euroko zorra esaten zieten, bezeroei kobratu beharreko diru kopurua zehaztearekin batera. Espainiako Barne Ministerioak zehaztu duenez, atxilotuek erabateko kontrola zuten emakumeekiko.

Joseba Asiron alkateak “zuhurtzia” eskatu du eta esan du afera honen alde onena dela sare hori deseginda gelditu dela. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!