Irazoki, kantuan irratian

Euskalerria Irratia 2016ko ekainaren 13a

Joseba Irazoki musikaria Euskalerria Irratian egon da, eta elkarrizketa eskaintzeaz gain, hainbat kanta jo ditu.

Musika zuzenean gozatzeko aukera izan dugu Joseba Irazoki artista beratarraren eskutik Irrintzi Dorrean. Pasa den astean, Iruñeko Udalak antolatutako Kantua eta Hitza zikloaren baitan kontzertua eskaini zuen taldearekin batera Erraldoien Txokoan. Horren ondoren gurean izan da eta modu akustikoan bi abesti kantatu ditu.

Joseba Irazoki gitarra-jotzaile polifazetiko eta geldiezina da eta interesa du hala konposizioan nola inprobisazioan.

Hamar bat disko kaleratu ditu bakarka, eta euskarazko musika-eszenako hainbat artistarekin aritu da elkarlanean (Anje Duhalde, Xabier Montoya eta Petti), baita estatukoekin ere (Nacho Vegas eta Duncan Dhu).

Joseba Irazoki eta lagunak Lugaritz Kultur Etxeak 2014an egindako proposamen batetik sortu zen.

Asmoa zen beste musikari batzuekin kontzertu bat egitea, eta emaitza hain positiboa izan zen ezen Irazokik baliatu baitzuen abesti berriak probatzeko eta musikari horiekin disko batean lan egiteko.

Horrela ikusi zuen argia zati instrumentalak eta ñabarduraz nahiz lirismoz beteriko erritmoak uztartzen dituen album bizi eta magnetiko honek.

Fitxa artistikoa:
Felix Buff ‘Willis Drumond’ (bateria, perkusioa), Jaime Nieto ‘We are standard’ (baxua), Ibai Gogortza ‘Borrokan’ (gitarra) eta Joseba Irazoki (ahotsak, gitarra, banjoa, autoharpa)

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!