Joseba Asiron: "Hiri ireki, sozial eta gardenagoa lortzen ari gara"

Euskalerria Irratia 2016ko eka. 9a, 12:42

Urtebete pasa da aldaketa iritsi zenetik Iruñeko Udal Gobernura. Balantzea egin du alkateak gainerako hiru alderdietako ordezkariekin batera.

Hiri ireki, sozial eta gardenagoa lortzen ari gara. Horixe nabarmendu du Joseba Asiron Iruñeko alkateak urtebete pasa denean Iruñeko aginte makila hartu zuenetik.

Adjektibo ugari erabili ditu: atsegina, erosoa, anitza, plurala… hiri desberdin bat eraikitzea zen udal gobernura iritsi zireneko erronka eta lortzen ar direla esan du alkateak.

Aldaketarekin konpromisoak hartu zituzten, leial aritzeko eta eredu berritzaileak sustatzeko. Ari dira. Horretarako gainera, desberdinen arteko adostasunak baliatu dituzte. Aurrekontuak adostea lortu dute eta kudeatzeko gaitasuna erakutsi dute.

Autokritikarako tarterik ere bai

Aurkia eta ifrentzua. Aurrera ateratakoekin kontent, baina bidean izan dituzten zailtasunak ahaztu gabe. UPNren 16 urteetako udal aginteak utzi ditu ondorioak. Lazgarrienak: udaltzaingoaren eredua eta barne egoera; politika sozialetan utzitako zuloa eta batez ere, hesi ideologikoa, bakar batzuentzat gobernatzea.

Autokritika ere egin diete euren buruei. Informazioa helarazten zenbaitetan ez dute jakin, hor aipatu dute adibidez haur eskolen afera. Nahiz eta jakin, urteotan euskarazko eskaintza txikiegia izan dela, eta orain aurrera pausoa eman dutela, bizilagun askok ez dute jakin interpretatzen.

Agerraldi bateratua egin dute Udal Gobernua babesten duten lau alderdietako kideek: Asironekin batera, Aritz Romeo izan da EH Bildutik, Gero Baiko Itziar Gomez, Aranzadiko Armando Cuenca eta Izquierda-Ezkerrako Edurne Egino.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!