Xabier Olazabalek “Ingurutxoak” eta Edurne Erreak “Argilunak” izeneko emanaldiak prestatu dituzte Gradu amaierako proiektu gisa.
Mendebaldea auzoan dagoen Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Fernando Remacha Auditorioan izanen da emanaldia, 17:00etan eta sarrera doakoa eta librea izanen da aretoa bete arte.
Bi proiektu hauek txistuaren inguruan sortutako ikuskizun musikalak dira, antzerkiaz, ikus entzunezkoak eta musika talde ezberdinez lagunduta. Abiapuntu bera izanagatik ere, goi mailako ikasketa bukaerako lana, instrumentua ikuspuntu zeharo ezberdinetatik begiratzea lortu dute bi gazte sortzaileek. Hortaz, asteazkenean ezohikoak diren baina gustu guztietara egokituta dauden bizipen andana eskainiko diote publikoari
INGURUTXOAK izen bereko dantzan oinarritutako ikuskizuna da, zeina irakurketa eta elkarrizketa ugari izan dituen abiapuntu. Fermin Cariñena du zuzendari eszeniko, eta berak gidatutako dantzari eta antzerkiak txistuaren munduko musika klasikoa, musika Barrokoa, melodia herrikoiak eta gaur egungo nafar konpositore gazteen musika izango du ardatz.
ARGILUNAK ikuskizun zirikatzailea da, ikusleengana iritsi nahi du, eta bere barruan pizten diren emozioak ezagutu. Ordu batean zehar, txistuak mota guztietako obrak joko ditu, beste musikariekin batera garai, estilo, soinu eta batez ere emozio desberdinak garraiatzen dituzten obrak jarriko dituzte entzungai. Horrek denak barne prozesu bat adieraziko du, eta Renata del Coso klownak emango dio gorputza eta irudia sentitzen den horri. Pertsonaia honek ikusleak berarekin bidaiatzera gonbidatuko ditu, musikak eramaten duen barruko bide emozional hori elkarrekin egin dezaten.
|
INGURUTXOAK: dantza eta musika ikuskizuna. Aintzinako ohitura berrituz.
ARGILUNAK: emozioak desafinatuz
Estilo nahasketa |