Zer moduz doaz auzoetako eztabaidaguneak?
Oso ongi doaz. Oso parte hartzaileak izan dira, eta eman digute erradiografia polit bat, auzoz auzo, auzo bakoitzean zein kezka dauden ikusteko.
Aurki, ekainaren 13an, urtea beteko da aginte makila jaso zenuenetik. Udal plaza mukuru beterik zegoen; jendea “Asiron, Asiron” oihukatzen... Orduan plazan izan ziren horiek guztiak orain ere pozik egonen al dira?
Jendeak pozik segitzen du aldaketarekin, kaletik sumatzen dudana da aldaketaren alde zegoen jendea zentzu zabalean, lau partiduak baino espektro zabalagoa, pozik dagoela, oso pozik. Aldaketaren kontra zegoen jendea ez dago berezik haserre. Ari ziren iragartzen azken epaiketaren tronpeta eta munduko amaiera...
Zer sartu nahiko zenuke agendan?
Agendan sartu nahiko nuke askatasun plazaren azpian dauden gorpu horiek ahalik eta azkarren haien familiei itzultzea.Gauza inportanteenak dagoeneko sartuta daude agendan.
Zein heinean markatzen du, markatzen dizue agenda eskuin politiko eta mediatikoak?
Hasiera batean hauek iragarri zuten munduaren amaiera, eta ez da gertatu. Gauzak egiten ari dira modu jator eta justu batean. Horrek ekarri du lehortea: ez dago gairik. Oposizioa egiteko mugitu behar dira spidermanen jantzitik, ea alkatea ez doan mezetara... Eta handik ateratzeko, bost pertsonek osatzen duten kanpamentu bat dagoela Santa Maria la Realen.
"Auzo foroak oso parte hartzaileak izan dira, eta eman digute erradiografia polit bat, auzoz auzo"
Botere judizialarekin ere egin duzue topo. Euskarazko haur eskolen aferan. Behin-behineko neurri moduan aldaketak bertan behera utzi ditu epaile batek. Zer gertatuko da horrekin?
Eskatu duguna da ahalik eta lasterren erabakia behingoz hartzeko. Epaileak ez du esan iaztik zetorren planteamendura bueltatu behar garenik, baizik eta prozesu osoa bertan behera utzi duela. Ezin gara mugitu ez atzera ez aurrera.
'Eman bide euskarari' manifestazioa deitu dute biharko. Zer iruditzen zaizu?
Ilusio handiz ikusten dut manifestazioa. Iruditzen zait beharrezkoa dela. Alde batetik, tristea da kaleak bete behar izatea euskararen alde, baina beharrezkoa da. Ilusioz ikusten dut.
Zenbait afera direla kausa, jo puntua Maider Beloki zinegotziarengan pausatu dute…
Maider Belokiren inguruan kultura mugitzen da, eta badakigu izan dela erregimen zaharraren bunker bat. Edozer gauza mugitzen duzula, kanpaiak joko dituzte.
Bestelako polemika baten kontura, Aranzadiko Laura Berro ere jo puntuan hartu dute: botoa eman zuen haren arrebarekin lotura zuen bozketa batean. Haren botoa ez zen erabakigarria. Baina ez zuen eman behar. Zuk larritzat jo duzu akatsa…
Ikusten da oposizioan PSN jokatzen ari den papera dela UPNren papera guztiz asimilatzea. Ikusten dudana da udalak gauzak egiten dituen bitartean, oposizioa bakar-bakarrik arduratzen dela zarata egiteaz. Egun horretan [bozketa egunean] onartu zena izan zen lehenengo aldiz Arrosadian egonen dela gazteriaren aldeko zerbitzu prebentibo bat. Ez da kasualitatea zarata guztia dagoen hori itzaltzeko.
Nola dakusazu harremana aldaketa sostengatzen duzuen indarren artean?
Koalizio gobernua oso ongi funtzionatzen ari da, horrek ez du esan nahi, noski, arazorik ez dagoenik. Gobernu anitza da, eskuinak jasotzen du zerbait txarra bezala, baina, ikuspegi ezkertiar batetik, aniztasuna aberastasuna da.
"Ikusten dudana da udalak gauzak egiten dituen bitartean, oposizioa bakar-bakarrik arduratzen dela zarata egiteaz"
Zer moduz estatuko aldaketaren udalen bilkuretan, Ada Colau, Manuela Carmena, Kitxi eta enparauekin?
Estatu mailan, aldaketaren irudia batez ere udaletan zentratu da. Orain dela urtebete gertatu zen aldaketa munizipalista izan zen argi eta garbi. Oso harreman ona dugu alkateen artean, baina ni asko inpaktatu ninduen Zaragozako alkatea, Pedro Santisteve. Inoiz egin beharko dugu gogoeta hori, eta hemen gu jasotzen ari garena. Paralelismo asko daude.
Beste kontu bat: hauteskunde kanpainan maiz aipatu zenuen Iruñean laugarren zabalgunea gauzatu nahi zenuela, mentala… Zer moduz doa?
Nik uste dut oso ongi doala. Hau ez da erraza, hamasei urteko erregimena ezin da ezabatu hamasei hilabetean, behar da denbora, baina hiria irekiago dago, eta arnasa hartu daiteke orain lehen baino errazago.
"Koalizio gobernua oso ongi funtzionatzen ari da, horrek ez du esan nahi, noski, arazorik ez dagoenik"
Sanferminez mintzatu gara hasieran, eta gauza bera eginen dugu amaieran… Ikurren Legea ez dute udazkenera arte aldatuko. Zer eginen duzue Txupinazoan ikurrinarekin?
Ulertezina da niretzat nola urtebetean ez garen kapazak izan zorigaiztoko lege hori deuseztatzeko. Orain, uda hurbiltzen da, eta txupinazoak, eta hori da uztea aldaketaren aldeko udalak babesik gabe. Alderdi guztietatik esan dugu lege sektarioa dela. Sortua bakarrik ikurrina pertsegitzeko.
Aldaketarik handiena ez da aldaketarekin gertatu, baizik eta lehenago: sanferminetako mahaian izandako arrakasta izugarria. Oraingo izate parte hartzaile horren ikusgarriena da nola erabakiko den txupinazoa, herri galdeketa bidez.