Auzolana, parte hartzea, ekologia, kultura, euskara, antikapitalismoa, aniztasuna eta parekidetasuna. Horra "hiria eraldatzeko" Herri Sanferminak plataformak aipatutako zortzi balioak, eta horiek indarrean jartze aldera, hiru gune kudeatuko dituzte aurten herri mugimenduko askotariko eragilek: Errekoletak, San Frantzisko eta San Jose plazak.
Gora Iruñea!-k orain arte egindako lana laudatu du plataformak, eta Arrotxapean urteetan ipini izan duen jai gunea "jai eredu eraldatzaile baten aldeko tresna moduan" ulertu behar dela esan du, "inola ere horren helburu gisa".Orain, "Jai Gunearen fasea" amaitutzat emanda, aurrera begira jarri dira.
Ondorioz, Jai Gunea "orain arte" baliagarria izan den arren, egoera "guztiz" aldatu dela deritzo egitasmoak, bai eta horrek ahalbidetuko duela bestelako espazioetan lanean aritzea.
Iragarri dute jada zein egitasmoetarako bideratuko dituzten plazak.
Zer egonen da plazaz plaza?
Herri Sanferminak haren webgunean eman ditu plaza bakoitzaren inguruko xehetasunak.
San Jose:
Autogestio eta parte hartze zuzenerako gunea dugu San Jose plaza. Oholtza eta barra herrikoia izanen dugu bertan. Eta baita mahaiak, aulkiak, sukaldean egiteko tresneria (lapikoak, serpentinak, butanoa, mantela, mahai-tresnak…) ere.
Nahi duenak (lagun koadrila batek, adibidez) bere janaria eraman eta bertan bazkaltzeko aukera izanen du. Alde Zaharreko komertzio txikietan erosketak egiteko eta gero San Jose plazan sukaldean egiteko eta bazkaltzeko deialdia egiten dizuegu. Modu honetan auzoari hauspoa emanen genioke eta aldi berean Sanferminek behar duten parte hartze zuzena bermatuko dugu.
Egitarau aldetik, egunekoa izanen da eginen dugun eskaintza. Dantza herrikoiak, kantuz taldeak, bertsoak, dantzaldiak… Egunero 18:00-20:00 tarte horretan folklore herrikoiarekin dantzatu eta abesteko aukera izanen dugu: kantuz, jauziak, bertso saioak, mus txapelketa… Beraz gunearen izaera herrikoia, parte hartzailea, euskalduna, parekidea eta kulturala izanen da. Zezenketen orduan eskaintza paregabea proposatzen dizuegu.
San Frantzisko:
Izaera anitza izanen duen plaza. Alde batetik, oholtza eta barra herrikoia izanen dugu bertan eta zuzeneko emanaldi asko eskainiko ditugu. Egun osoan zehar kontzertuak, dantzaldiak, bakarrizketak, antzerkiak, umeentzako tailerrak, pailazoak, zirkua, aztiak…
Gune honetan, umeei arreta berezia eskainiko zaie. Egunero egitarau zehatza eskainiko diegu umeei eta honetaz gain puzgarriak eta jolasten ibiltzeko esparrua izanen dute. Erraldoien konpartsak ere bere eginen du gunea eta egun batzuetan bertan dantzatzen izanen ditugu.
Honetaz gain goizean egunero Euskalerria Irratiak zuzeneko saioak burutuko ditu, musikariei zuzeneko elkarrizketak eginez eta baten batek musika zuzenean ere eskainiko du. Ikusleentzako eserlekuak egonen dira.
Hori guztia gutxi balitz jantoki ekologikoa ere bertan izanen dugu. Egunero menu bereziak, bokatak, pizzak…, prezio herrikoietan bazkaltzeko eta afaltzeko aukera izanen dugu. Gure produktu guztiak bertakoak eta ekologikoak izanen dira. Modu honetan kontsumo arduratsua eta adeitsua bultzatuko dugu, bertako produktu ekologikoen kontsumoa sustatuz.
Esan bezala izaera anitza izanen duen gunea izanen da non intergenerazioa modu naturalean emanen den. Gazte, heldu zein txikienentzat egitaraua izanen baitugu.
Errekoletak plaza:
Batez ere bermutaren orduan eta arratsalde eta gauetan mugimendua izanen duen gunea. Oholtza eta barra herrikoia izanen dugu bertan ere baina baita terrazatxo bat ere.
Goizetan artisau azokak eta azoka gastronomiko ekologikoak egonen dira. Sukaldean frijituak eta bokatak eskainiko ditugu, beti ere gure apustua bertako produktuak eskaintzea izanen delarik.
Bermutaren orduan terrazatxoa izanen dugu eguzkiaz zein itzalaz gozatzeko mokadutxo bat hartzen dugun bitartean eta egunak aurrera egin ahala giroa berotzen joanen da Iruñerriko musika taldeek osatutako kontzertuekin eta DJekin.
Bertako musika eta kultura sustatzeko gunea izanen dugu hau. Orain arte tokia izan ez duten bertako taldeek bere gaitasun osoa erakutsiko digute. Beraiek ere espazioa merezi baitute.