Artzainak, korrikalariak, Osasunbideko ordezkariak, peñetako kideak... orotara 35 pertsona batu ziren atzo Iruñeko Udalak deituriko Entzierroko Mahaian. Helburua: ibilbidea, arauak eta beste zehaztea. Are zehatzago: entzierroko ordenantza gaurkotzea.
Horren karietara, zenbait berrikuntza iragarri dituzte: bide horretatik, udaltzainek "esfortzu handiagoa" eginen dute egunero entzierroko imajinak ikusi, arau urratzaileak identifikatu eta salaketa jartzeko.
Bestalde, Osasunbideak, DYAk, Gurutze Gorriak eta Gobernuko erakundeek elkarlana bultzatuko dute, eta koordinazioa ahalbidetu.
Azpiegiturei dagokienez, hesitura ahalik eta finen egon dadin zurginak egonen dira udaltzainekin batera entzierroa izan bitartean.
Mahaiak lanean jarraituko du aurrerantzean ere, entzierroaren inguruko askotariko arloak beran lantzeko xedez.