Berdintasun teknikari izateko frogak iragarri ditu Iruñeko Udalak berriki. Baldintzetako bat: auto karneta izatea. Azterketa egiteko asmotan dagoen herritar batek, baina, ezinen du egin, gauzak bere horretan segituz gero, ez duelako ibilgailua gidatzeko baimenik.
Bulego batean egotean datza postua. "Gidabaimena izateak formakuntza izateak baino gehiago balio du. Sinestezina". Adierazi du sinadurak biltzeko kaleratu duen gutunean, gaztelaniaz.
"Gidabaimenik ez da behar lanpostu horretarako; diskriminatzailea da. Iragazki absurdoa da, eta kanpoan uzten ditu edozein arrazoi dela eta auto baimena atera ahal edo nahi izan ez duten pertsona guztiak".
Eskaeraren inguruko irakurketa egin du, gainera; Iruñeko Udalak hiri "garbi eta berdearen zein bizikletaren eta garraio publikoaren aldeko apustua" egin duen bitartean, baldintza hori bere horretan mantentzea "anakronikoa" da.
Azaldu duenez, jada berak ezinen du azterketa egin, epeak direla eta, aitzitik, "justia kontu bat" iruditzen zaiolako segitu du salaketarekin.