Izurritea Iruñeko musika eskolan sartu zenekoa

Euskalerria Irratia 2016ko maiatzaren 11

Joaquin Maya Musika Eskolako ikasle talde bat.

Hik Hasi aldizkarian plazaratutako artikulu honetan Gaizka Aranguren kazetariak azaltzen du modu argigarrian nola iritsi eta zabaldu zen euskara Joaquin Maya Iruñeko Udal Musika Eskolan.

Hogei bat guraso batzartuta geunden. Gure seme-alabak Iruñeko Joaquín Maya Musika Eskolako ikasleak ziren. Aste batzuk lehenago jakinarazi ziguten ikasturte hartan bertan behera geldituko zirela Musika lengoaiaikasgaiaren euskarazko klaseak. Ordura arte urte batzuk eginak zituzten gure seme-alabek euskaraz ikasten bertako irakasle elebidunen borondate onari esker.

Aferaren funtsa lehenagotik zetorren. Iruñeko Musika Eskolan, legez, ez zegoen euskarazko lerrorako lanposturik, baina ikasle euskaldunen eskaerak gora egiten zuen neurrian eta irakasle batzuk elebidunak izanik, ikaslegoaren eskakizunari erantzuten hasi zitzaion eskola, irakasleen borondate onari esker.

Arazoak eztanda eginen zuen lehenago edo geroago, baina urte hartan, jakin ahal izan genuenez, klaseak euskaraz hartu nahi zituzten ikasleak, zegoeneko, %50etik gora ziren. Gehienek nahi zuten musika euskaraz ikasi. Eta Eskolak ez zituen behar bezain bertze borondate oneko irakasle elebidun.

Batzartuta geunden gurasook euskarazko klaseen aldarrikapena antolatzeko asmoz elkartu ginen eta, zereginen artean, Eskolako Zuzendaritzarekin eta Udaletxeko Hezkuntza arloko zinegotzi arduradunarekin hitzordua egiteko hautua egin genuen. Hasteko, tenperatura hartu nahi genien erabakimen gaitasuna zuten botere guneetan.

Eskolako Zuzendariarekin izandako solasaldian gauzak oso garbi zeuden: legea bete beharrean zeuden, ordura arte ematen ziren euskara klaseak ez ziren berezkoak baizik eta irakasleen borondatez ahalbidetuak eta... Bai, egoeraren erroa politikoa zela Udala ez zegoelako prest zabaltzeko Udal Musika eskolan euskarazko lerroa.

Udaletxeko Hezkuntza Saileko zinegotzi arduradun jaunak, bere aldetik, esaldi bakar batean laburbildu zuen begi aitzinean zuen korapiloa: “Por la caridad entró la peste”. Irakasleen borondate onari esker euskara hedatua zen Musika eskolan eta orain komeriak zituen geldiarazteko.

Iruñeko Udaletxeko hezkuntza Zinegotzi hura izan zen, gerora, Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Kontseilari. José Iribas deitzen da. Hark utzi du Iruñeko eta Nafarroa Garaiko hezkuntza sistema/lurraldea euskararendako minatuta. José Iribas: “Karidadeagatik sartu zen izurritea”.

Gaur, aldaketaren Gobernuak D ereduaren bitartez eskaeraren tamainari erantzuteko urratsa egin nahi duen bakoitzean, mina batek eztanda egiten du. Erantzuna ezin da izan aitzina egiteari uztea, minak desaktibatzea eta haien eztandaren burrunbari ezentzunarena egitea baizik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!