Kirola feminismotik praktikatzeko

Kirola feminismotik praktikatzeko
Argazkia: Roller Derby talde bat. Larunbatean eginen dute Roller Derby saioa jardunaldietan.

Kirol jardunaldi transfeministak eginen ditu Iruñean Bullerak kolektiboak heldu den asteburuan. Besteak beste, rugbya, eskalada, eta aeroboxing tailerrak prestatu dituzte.

Maiatzaren 19tik 22ra eginen dituzte kirol jardunaldiak, alegia, ostegunetik igandera arte. Dantza, herri kirolak, roller derbya eta beste gozatzeko aukera eskaintzeaz gain, hitzaldiak ere prestatu dituzte, esaterako Heteropatriarkatua kirol munduan izenekoa. Zabala da egitarau.

Tokiari dagokionez, Txoko Feministan, Zabaldin eta Curia kaleko gune transfeministan izanen dira ekintzak.

"Kirol munduan exijentzia askoz handiagoa da emakume bezala sozializatuak izan garenontzat edota heteroarauan sartzen ez diren identitate eta gorputzak dauzkagunontzat; emakumeok edota emakume bezala sozializatuak/irakurriak garenok gure gorputzen etengabeko hipersexualizazioa pairatzen dugu. Gutako askorentzat leku arrotza da kirola, eta, hala, gozamen gune behar lukeen hori epaiketa espazio bihurtzen da… Horregatik, bizirauteko toki bat lortzeko beharra dugu, kirol praktikez jabetzeko eremu bat; finean, kirola gure egiteko gune bat". Manifestu baten bitartez azaldu dute zer dela eta antolatu dituzten jardunaldiak.

Emakume bollera eta transentzat izanen dira jardunaldiak.