Joseba Asiron Iruñeko alkateak hartu du erabakia: bizilagunek aukera dezatela nork jaurtiko duen 2016ko sanferminetako txupinazoa. Sanferminetako Mahai Orokorrean egindako proposamena izan da eta hala, Mahai horretan bertan aztertuko dira zein aukera dauden, nortzuen artean izan daitekeen txupinazoa botatzeko ohorea eta gero, bizilagunek eginen dute horien arteko aukera. Sanferminetako Mahai Orokorrak maiatzaren 31n izanen ditu prest hautagaiak eta bizilagunek ekainaren 10etik 17ra izanen dute aukera botoa emateko.
Alkatearena de berez erabakia, baina, Asironek nahiago izan du 2016ko txupinazoa nork bota behar duen bizilagunen esku uztea. Hala, Iruñean erroldatutako 18 urtetik gorako herritarren esku izanen da erabaki hori.
Proposamenak Mahai gainean
Alde batetik, Sanferminetako Mahai Orokorrean parte hartzen duten entitateek egin beharko dituzte euren proposamenak txupinazoa bota lezakeen talde edo norbanakoa proposatuz. Hala, entitate edo eragile bakoitzak proposamen bat egiteko aukera izanen du gaurtik aurrera. Mahai Orokorreko taldeen herenak babestuko duen proposamena irtengo da aurrera eta babes hori lortzen dutenen artean erabaki beharko dute gero bizilagunek.
Herritarren botoek erabakiko dute
Ekianren 9an emanen dute aukeren berri. Iruñeko Udalaren webgunean, www.pamplona.es, izanen dira ikusgai eta hilaren 10ean izanen da lehen eguna bizilagunek botoa emateko. NANaren zenbakiarekin boto bakarra emanen du Iruñeko bizilagun bakoitzak: lehen aipatutako webgunearen bitartez, Herritarren Arretarako Telefonoaren bidez 010 edo Civivoxetan izanen diren hautestontzietan botoa emanez.