Txabolen kokalekua garbitzen ari dira baina etxolak ez dituzte hutsaraziko

Euskalerria Irratia 2016ko apirilaren 7a

Ingurumen eta osasun arazoak ekiditea da xedea eta bertan bizi diren 9 pertsonen garbitasun gutxienekoa ziurtatzea.

Txabolen kokalekua garbitzen hasi dira udal-langileak. Sortu den zaborra kentzen eta lurra garbitzen ari dira. Ingurumen eta osasun arazoak ekiditea da xedea eta bertan bizi diren 9 pertsonen garbitasun gutxienekoa ziurtatzea.

Txaboletan geratuko dira oraingoz bederatzi bizilagun horiek. Bost dira dena dela, gaua ere txabola horietan pasatzen dutenak. Etxebizitzarena baino, integrazio zailtasuna dago oinarrian txaboletan bizi diren pertsonen artean. Horregatik, txaboletatik bota edo urrundu baino, gizarteratzeko plana jarri du abian udalak.

Horretarako tekniko espezializatuak ari dira lau familia horiekin lanean. Dituzten beharrak aztertzen, euren ohitura kulturalak zeintzuk diren ezagutzen eta irtenbide egokiak bilatzen. Plan zabal baten abiapuntua da Eginoren esanetan, arlo guztiak kontuan hartuko dituena.

Plan zabal eta luzea

Denbora beharko dute egitasmoa aurrera eramateko eta horregatik, Tenis Clubaren inguruan bizi direnei pazientzia, errespetua eta kolaborazioa eskatu dizkie Edurne Egino gizarte ekintzako zinegotziak.

Zaborrak kentzen ari dira eta inguru hori garbi mantentzen segitzeko konpromisoa hartu dute txaboletan bizi direnek. Horrez gain, sua ere ez dutela erabiliko plastikoak eta materiala erretzeko eta jende gehiago bertara bizitzera joatea ere ekidingo dutela hitz eman dute. Aritz Romeo Herritarren Segurtasunerako eta Elkarbizitzarako zinegotzia da eta argi utzi nahi izan duena, ez dela egia auzoan segurtasun arazo gehiago dagoenik txaboletan bizi direnetik, kausa efekturik ezin dela frogatu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!