Udal biltegietan barreiatutako ondarearen inbentarioa eginen du Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 14a, 13:09
Argazkia: 77 biltegi dauzka Iruñeko Udalak, baina ez du esan non dauden, segurtasuna medio.

>77 biltegietan dago ondare materiala, artistikoa eta historikoa, ordenarik gabe.
>Pamplona-Iruña, irudiak eta hitzak liburuaren 1.100 ale aurkitu dituzte, eta zentro publikoei banatuko dizkiete.

Edo ez da inoiz egin edota galdu egin dute. Iruñeko Udalaren inbentarioak arazo hori dauka, erren dagoela, edo, are okerragoa dena, ez dela existitzen. Joseba Asiron alkateak iragarri du asmoa dena txukuntzea eta materiala herritarren esku jartzea dela. Hasi dira jada bide horretan.

"Harrigarria da inork materiala zerrendatu ez izana, eta horren inguruan dagoen ezjakintasun maila. Eta kezkatzekoa da Iruñeko Udala kudeatzen dutenek urteetan esfortzurik batere egin ez izana ondarea zein den eta non dagoen jakiteko". Asironek egindako irakurketarenak dira hitzak.

Luxuzko liburuak, hautsa pilatzen

Behin bazterretan begiratzen hasita, bitxikeria bat aurkitu dute: Pamplona-Iruña, irudiak eta hitzak liburuaren luxuzko edizioaren 1.100 ale. Ikastetxeetan, liburutegietan eta Civivox zentroetan utziko dituzte; baina, horrez gain, herritarrei ere banatuko diete, apirilaren 23an, liburuaren egunarekin bat.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!