"Ni Edurne naiz. Donibane auzoan bizi naiz eta nire umeak auzoan euskaraz ikasteko aukera izan dezaten nahi dut. Ni bezalako beste kasu asko agongo dira, baina niri aukera eman didate nire kasua kontatzeko eta hori eskertu nahi dut.
Nire seme handienak 5 urte ditu (abenduan 6 egingo ditu) eta Amaiur du izena. Lehen semea izanik euskaraz ikas zezan Txantrera joateko prest egon ginen. Beraz, distantzia egon arren saiakera egin genuen eta bertan eman genuen izena, baina, tamalez, baremotik kanpo gelditu ginen. Pena handia eman zigun alde batetik, baina bestetik poza hartu genuen euskarazko plaza guztiak beteta zeudela ikustean. Eta guk euskaraz hezi nahi genuenez, euskarazko haur eskola pribatu batera eramatea erabaki genuen.
Amaiaurrek eskola hasi zuen urtean, nire alaba ertaina, Maider haur eskolan hasi zen. Biek euskaraz ikas zezaten, gure aukerak hauek ziren: Maider Txantreara eramatea (garai hartan euskarazko bi haur eskolak han jarraitzen zuten) eta Amaiur, Amaiur Ikastolara, Iturrama auzoan. Egunero biak kotxean sartu (zorionekoa izan eta kotxea baduzu, noski), eta Txantreara joan, bertan Maider utzi, eta gero Iturramara joan, kotxea aparkatu, OTA ordaindu…oso konplikatua ikusten genuen…, eta bai, Maider Donibane haur eskolara eramatea erabaki genuen, hizkuntzaren gaia erosotasunagatik sakrifikatuz.
Maider urte batekin sartu zen haur eskolan (abuztuan jaioa denez, ezin da lehenago joan). Maiderren egokitzapena oso gogorra izan zen, asko kostatu zitzaion. Hori dela eta, zalantzatan egon ginen Amaiur ikastolako bi urteko gelara eraman edo ez. Izan ere, bertan euskaraz aritzeko aukera ematen ziguten eta hori zen guk nahi genuena. Eta halaxe egin genuen, azken momentuan plaza bat libre geratu zenean.
Aurten, Maider eta Amaiur, Iturramako eskolara doaz eta nire txikiena, Arhane, Donibane eskolara. Maiderrekin egin bezalaxe, erosotasuna hizkuntzaren aurretik aukeratu dugu. Izan ere, 3 umeekin eta auzoan euskarazko aukerarik izan gabe, ez haur eskolan, ezta eskolan ere, ez dugu beste alternatibarik! Esan beharra dut Arhaneren kasuan, euskaraz ikasteko aukerak pixka bat zabaldu zirela, iaz Arrotxapean ere aukera eman zelako. Baina ez bata ez bestea Donibanen bizi garenontzat ez dira batere erosoak.
6 urtez eraman ditut nire umeak haur eskolara eta urte bakar batean ere ez dut aukera eroso eta justurik izan nire ume bakar bat ere euskaraz hezteko.
Horrexegatik Donibane haur eskolan euskaraz aritzeko aukera izanen genuela jakiteak asko poztu ninduen. Benetan, oso pozik nago. Eta aldi berean aitortuko dizuet sutan ere banagoela entzuten ari naizen hainbat gauzarekin. Horrexegatik animatu naiz nire kasuaren berri ematera, ikus dadin beste ikuspuntu bat ere badagoela eta Donibanen, gure auzoan, euskaraz ikasteko ditugun trabak eta zailtasunak benetan handiak direla aintzat hartu behar dela.
Aurreko egunean Maya Jaunaren deklarazio batzuk entzun nituen, eta harritu nintzen, berarekin ados nengoen eta. Berak esan zuen zenbait gurasok Donibanen sartuko dituztela bere umeak, ez hizkuntzagatik, erosotasunagatik baizik. Eta halaxe izanen da. Baina ez nuke etorkizunera eramango. Hau urtetan gertatu da. Nik gazteleraz eraman behar izan ditut erosotasunagatik eta ez gaztelera askatasunez aukeratu izan dudalako, kontatu berri dudan bezala. Eta bai, Donibane haur eskolako eta Printzearen Harresiko gurasoek euskaraz ez badute nahi mugitu beharko dute, baina soilik ondoko auzora, metro gutxi batzuetara dauden haur eskoletara. Guk mugitu behar izan duguna baino askoz ere gutxiago. Eta Donibanen, Milagrosan, Arrotxapean edo Txantrean bizi ez direnak eta umeak euskaraz ikastea nahi dutenak ere mugitu beharko dira. Baina euskarazko eskaintza sakabanatuagoa egoteak, askori eguneroko zama arinduko digu.
Orain, gainera, ezberdintasun bat egonen da. Orain arte erosotasunagatik gaztelera aukeratu dugunok ez dugu egoera hori islatzerik izan, inon ezin genuen adierazi zer eta non nahi genuen. Orain bai, haur eskolan aukeratutako hizkuntzarekin ados ez bazaude, hori adierazteko aukera emanen digute, denei. Hau oso interesgarria iruditzen zait egun hauetan entzun eta idatzita ikusi dudalako nolatan jartzen den euskara Donibanen, eskaera gehien duena gaztelera izanda. Baina hau baieztatzen dutenean nire alabaren inskripzioa zenbatzen ari dira, eta horrek ez du esan nahi nik erdaraz izateagatik aukeratu dudanik.
Baita ere entzun dut nolatan jartzen den Donibaneko haur eskola euskaraz, auzoan D eredurik ez dagoenean. Honek bai pizten nauela. Gainera…gainera!!!!! Gainera D ereduko eskola ez dugula! Auzoan bi eskola daude eta Ermitagañan beste bat, eta bat ere ez da D eredukoa. Horren harira zenbait gurasok (haur eskola euskaraz bihurtzearen kontra daudenak) esan zidaten "…bueno, Iturraman baduzu". Badakit! Hara doaz nire beste bi umeak! Badakit, goizero 50 minutu behar ditudalako etxetik nire hiru seme alabekin atera, haur eskolara oinez joateko (txikiena aulkitxoan doa), bertan Arhane utzi, eta ertaina aulkitxoan esertzen dut, azkarrago joateko. Ikastolara iritsi, beste bi umeak utzi eta nire etxera bueltan iristeko. Erdaraz aukeratuz gero, 20 minututan dena egina. Eta arratsaldetan, gauza bera.
Nire umeak Iturramara ikastera jona behar izatea ez da kaltegarria, baina haien umeak Mendebaldeako haur eskolara joatea, hori bai da. Batzuk lehen mailakoak eta besteok bigarren mailakoak omen gara. Eta Iturraman ikasi behar izatea, bazkaltzen ateratzeko aukerak asko murrizten dizkit bere bila joan eta gero berriro eramateak denbora asko suposatzen duelako. Eta honek jantokia ordaintzera behartzen nau: orain bi umeen jantokia, eta hemendik gutxira, 3 umeen jantokia.
Amorrua ematen didan beste gauza bat, "Donibane haur eskolako guraso eragindakoen" izenean guraso batzuk idazten ari diren artikuluak dira. Ni bertako ama naiz eta eragiten dit, baina zenbait gurasok idazten eta esaten dutenarekin ez nago batere ados, beraz eskertuko nieke haien izenean hitz egitea, nik egin dudan bezala.
Nire kasua, kasu bat besterik ez da. Nire kasuaren antzeko kasu pila dago. Baina nahiko argi uzten du zer nolako zailtasunak aurkitzen ditugun euskaraz ikastea aukeratzen dugunean. Mesedez, kontuan izan gaitzazue! Euskaraz ikasi nahi duten umeak kontuan izan itzazue!"