Nork botako du aurten txupinazoa? Hiru proposamen kontrajarri daude mahai gainean

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 1a, 13:45

> Zalantza dago airean. Zein ote sanferminei hasiera emateko pertsona egokia? EH Bilduren aburuz, herritarrek hautatu behar dute.
> Geroa Baik Ohorezko Zapia jasotzen duenak botatzea proposatu du.
> Udal taldeen esku egotea da UPNren xedea, aldiz.

1983tik alderdien esku utzi du txupinazoaren jaurtiketa UPNk. Hori bai, ezker abertzaleari tokatu zaion lau alditan txanda pasa egin, eta aukera kendu dio. Aurreko urtekoa ere berezia izan zen: Iruñeko Orfeoiak eta La Veleta Peñak bota zuten.

Baina, hemendik aurrera, zer? Zeinek izanen du sanferminei hasiera emateko ohorea? Udalbatzan hiru proposamen egonen dira ostegunean eztabaidagai.

EH Bilduk sanferminetako mahai orokorrean dauden eragileen artean pertsona batzuk aukeratzea nahi du; ostean, izen horiekin herri galdeketa egin, eta horrela txupinazoaren jaurtitzailea hautatzea du helburu. Era horretan, herritarrek uztailaren 6an bertan jakinen lukete nork piztuko duen suziria.

Ohorezko Zapiari segika

Bestelakoa da Geroa Bairen proposamena: Batasunaren Pribilegioaren egunean Ohorezko Zapia jasotzen duen pertsonak hurrengo urteko Txupinazoa bota dezala proposatu du.

Iñaki Cabases zinegotziaren arabera, Ohorezko Zapiaren hartzailea, eta hartara Txupinazoaren jaurtitzailea, “Iruñearen izena eta historia edertzen lagundu duen pertsona bat” izan beharko litzateke. Hura hautatzeko tenorean, Udalbatzako gehiengo osoa aski izatea eskatu du Geroa Baik.

Alderdien esku

Betikoa. Alderdietako ordezkariek botatzea. Horra UPNk eskatu duena. 1983an akordio tazitua onartu zuen Julian Balduzek (udaltzaren babesik gabe), eta geroztik alderdien eskumena izan da.

Nolanahi ere, eta eztabaidak eztabaida, alkatetzaren eskumena da, eta, beraz, hark du azken hitza.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!