"Herritarren aspaldiko eskakizuna" da hiri autobusa Santa Luziako muinoan dagoen presondegiraino iristea, Geroa Bairen aburuz, eta, horregatik, 10. linea, egun Belosotik Orkoieneraino doana, espetxeraino gerturatzea du xede.
Hirugarren graduan ateratzen diren presoen -goizean irten eta gauean bueltatzen direnen- mesederako izanen litzateke garraioa, bai eta presoen senideen eta bertako langileen onerako ere, alderdiaren ustetan.
Bestalde, N8 linea ere aldatzea galdegin du Geroa Baik, Santa Maria la Realetik pasa dadin, gaueko zerbitzurik ez daukan "auzo gutxienetako bat" da-eta.
Ez da eskaera berria
Geroa Baik eraman du orain gaia udalbatzara, baina ez da argitara atera berri den polemika. Kartzela eraiki zenean, askok salatu zuten urruti zegoela, eta presoak "are isolatuago" uzten zituela. Esaterako, Salhaketa Presoen Aldeko Elkarteak elkarretaratzeak egin ditu, billabesa zerbitzua aldarrikatuz.