Ospitaletako sukaldeak berriz publiko bilakatu nahi ditu Gobernuak. Partzialki ari da lan horretan eta atzoko Mahai Sektorialean sindikatuei planteatu zien 32 lanpostu publiko berri sortzeko asmoa: sukalderako nagusi bat, 8 sukaldari, 21 sukalde laguntzaile eta 2 administrari lirateke.
Lehenik eta behin, aurreko legealdian sukaldeetan lanean zeudenen eta egun Osasunbidean ari diren langileei eskainiko dizkiete postu horiek. Gero, kontratazioetara joko litzateke. Sindikatuek itxura ona hartu zioten ospitaletako sukaldeak berriz publiko izateko jarrera hartzeari baina ahalik eta azkarren erabat publiko bilakatzeko eskaera egin diote Osasunbideari.