Bizikletak alokatzeko udal-zerbitzuak 175 erabiltzaile berri izan ditu 2015ean, eta orotara 4.118 edukitzera iritsi da

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 25a, 20:06

Iruñeko Udalak ehun bizikleta ditu hirian barna bost geltokitan, herritarrek doan erabil ditzaten.

Nbici-bziZ Iruñeko Udalaren bizikletak alokatzeko zerbitzua 4.118 erabiltzaile edukitzera iritsi da 2015eko bukaeran, iaz 175 lagunek izena eman ondoren. Guztira, iaz 10.238 bidaia egin ziren, eta abuztuan (1.171) eta irailean (1.170) burutu ziren bidaia gehien.

Hori da bziZ udal-baliabidearen balantzea; doako zerbitzu honek ehun bizikleta jartzen ditu herritarren eskura hiriko bost geltokitan: Zezen Plaza, Gaztelugibel, Unibertsitate Publiko, Nafarroako Unibertsitate (CIMA) eta Anelier pasealekuan. Ibilgailuak bost gune horietako edozeinetan har eta utzi daitezke.

Kontuan hartuta alokairu-geltokien artean batez beste 2,5 km daudela, kalkula daiteke bizikletek 2015ean 25.595 km egin zituztela. Ibilbide hori autoz egin izan balitz, 1.536 litro erregai kontsumituko ziren, 1.996 euroko kostua eta CO2ren 3.583 kg-ko isurketak eraginda, jendearen osasunerako eta ingurumenerako txarrak diren beste gas batzuez gain.

Arrotxapea eta erdialdea

Arrotxapeko Anelier pasealekukoa eta Zezen Plazakoa dira bizikleta hartu edo uzteko geltokirik erabilienak. Arrotxapean, 1.286 bidaia egin eta 2.995 erabilera-ordu pilatu ziren guztira. Bestalde, Zezen Plazako biziZ geltokian 1.286 bidaia egin ziren, baina erabilera-ordu gutxiago pilatuta, 2.085.

Alokairu zerbitzuak abuztuan eta irailean izan zuen erabilera gehien, eguneko 38 erabilerarekin, batez beste; aldiz, erabilera gutxieneko hilabeteak negukoak izan ziren: otsailean, eguneko12 erabilera baino ez (guztira, 349), eta urtarrilean, eguneko16 (guztira, 512). Zerbitzua ez dago erabilgarri sanferminetan.

Aurreko urtearekin alderatuta, 59 erabiltzaile gutxiago daude, nahiz eta 175 erabiltzaile berrik izena eman zuten. Horren arrazoi nagusia da erabiltzaile asko adin-nagusitasunera heldu direla; izan ere, adingabe gisa baja ematen zaie zerbitzuan eta berriro eman behar dute izena 18 urtetik gorako gisa, eta askok oraindik ez dute hori egin.

Izen-ematea, doan, eta aldi baterako akreditazioa lortzea

Bizikletak alokatzeko udal-zerbitzuan izena emateko, interesdunek eskabide-orri bat bete eta aurkeztu behar dute udal-erregistroetan edo Udalaren www.pamplona.es webgunean, eta horrekin batera, NANaren fotokopia, argazki bat eta banku-kontu baten titularra izatea egiaztatzen duen dokumentua. Agiri horiek udal-erregistroen bidez igortzen ahal dira, edo zuzenean aurkeztu Agenda 21eko Bulegoan, edo posta elektronikoaren nahiz posta arruntaren bitartez igorri. Argibide gehiagorako, jo Iruñeko Udalaren Agenda 21eko Bulegora (Uztarroze kaleko San Pedroko Monasterio Zaharraren eraikineko bigarren solairua). Horrez gain, 948420563 telefonora dei daiteke edo agenda21@pamplona.es helbide elektronikora idatzi. Doan da zerbitzuan izena ematea eta dagokion txartela eskuratzea.

Aldi baterako txartela ere eskuratu daiteke, eta aukera hori bereziki pentsatua dago turistendako eta aldi baterako erabiltzaileendako. Akreditazio horiek zuzenean eskura daitezke kreditu-txartelarekin bizikletak alokatzeko geltokietan, 3 euroan. 2105ean, aldi baterako 200 txartel inguru egin ziren.

2007ko ekainetik

Iruñeko Udalak 2007ko ekainean abiatu zuen bizikletak alokatzeko biziZ zerbitzua. Zerbitzuak bizikletaren erabilera sustatu nahi du, garraiobide gisa, eta abantailatzat du ez dela beharrezkoa bizikleta edukitzea, ez dela mantendu behar, eta batez ere, une jakin batean garraiobide hau erabil daitekeela beste batzuekin batera, bizikleta abiaburutik garraiatu gabe.

BiziZ zerbitzua martxan da urte osoan, salbu sanferminetan, ordutegi ezberdinetan: apirilaren 1etik irailaren 30era, 07:30etik 20:00ak arte; eta gainerako urte-garaietan, 08:00etatik 18:00etara.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!