Esleitu da Iruñeko lore-parterreak landareez hornitzeko kontratua 2016 eta 2017 urteetarako

Euskalerria Irratia 2016ko otsailaren 23a

Urtero 85.000 lorez hornituko dira parterreak, bi sortatan, udaberriko landareena eta udazkeneko landareena.

Gaur adostu dutenaren arabera, barietate askotako loreak izanen dira, eta 37.225 ale izanen dira udaberriko loreetan, eta 48.180, udazkenekoetan.

Kontratua bi sortatan banaturik dago, hau da, batetik udaberri-udako landareak izanen dira, eta bestetik, udazken-negukoak. Udaberriko landareak maiatzeko bigarren hamabostaldian banatuko dira, gehienez ere 12 eguneko epean; halaber, aukeraturiko barietateko 130 geranio ekarriko dira, apirileko lehenengo astean. Sorta honetako landareak dira, besteak beste, begoniak, daliak, geranioak, ageratoak, koleoak, petuniak, salbiak eta urreliliak. Sorta horren barnean sartzen dira sanfermin festak amaitu eta hurrengo egunean ekarriko diren 2.100 unitate.

Udazkeneko landareen hornikuntza urriko bigarren hamabostaldian eginen da, gehienez ere 12 eguneko epean eta udal mintegiarekin elkarlanean. Sorta honetan jasoko dira panolak, violak, sanjose-loreak, mitxoletak, geranioak eta bitxiloreak. Landare guztiek kalitate-baldintza orokor batzuk bete behar dituzte, bai eta barietateari dagozkion baldintza bereziak ere. Erabat autentikoak izan beharko dute, hau da, adierazitako espezie, barietate zein serieari dagozkien identitate eta purutasunarekin.

Kontratuaren esleipena Adaxka Lorezaintza SL enpresari egokitu zaio, 100.458,60 euroan, bi urterako (50.229,30 euro urtean), hau da, ezarritako lizitazio-prezioaren (135.705,38) % 26 gutxiago.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!