Euskarazko haur eskolen alde, agerraldi jendetsua

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 11a, 13:56

Iruñeko Udalak egindako urratsa babesteko eta pauso gehiago eman daitezen eskatzeko gaur, 17:30ean Zaldiko Maldiko elkartean agerraldi jendetsua eginen du Euskalgintzak.

20 urteren ondoren euskarazko eskaintza handituko da Iruñeko haur eskoletan. Hogei urte luzez bi haur eskola besterik ez dira izan Iruñean eta biak Txantrea auzoan. "Iaz euskarazko haur eskola bat Txantrean mantendu zen (Izartegi) eta bestea Arrotxapeara “mugitu” (Goiz Eder) baina eskaintza ez zen areagotu", azaldu du euskalgintzak.

Datorren ikasturtetik aurrera ordea, euskarazko eskaintza handituko du Iruñeko Udalak eta aurreko bi haur eskola horiei beste bi gehituko zaizkie: Donibane auzokoa eta Arrosadiako Printzearen Harresia. Berri ona euskarazko eskaintza bikoiztuko delako eta Iruñeko auzo gehiagotara iritsiko delako."Dena dela, aldaketa hau lehen urrats bat besterik ez da, gure helburua euskarazko eskaintza Iruñeko auzo guztietan bermatzea baita (Alde Zaharra, Buztintxuri, Sanduzelai…). Beraz, berri ona ospatu bai, baina lanean jarraituko dugu auzo guztiek beren euskarazko haur eskola izan arte", diote.

Iruñeko Udalak emandako urratsa babesteko eta urrats gehiago eman daitezen eskatzeko gaur, otsailak 11 osteguna, 17:30ean Zaldiko Maldiko elkartean agerraldi jendetsua eginen dute eta jarraian batzar irekia. Bertaratzeko deia egin du euskalgintzak.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!