Arantzadiko kiroldegia zabalik egonen da 9:00etatik 21:00etara

Euskalerria Irratia 2016ko urtarrilaren 26a

Honekin batera Udalak lizitaziora atera du Arantzadiko eta Sanduzelaiko kiroldegien eta Mendillorriko trinketaren kudeaketa, 1,2 milioi euroan.

Gaur onartu du Iruñeko Udalak erabiltzaileek eskatutako ordutegi berria. 2012an UPNk erabaki zuen kiroldegia ixtea eguerdian, 13:30etatik 15:30etara. Honek abonatu askoren bajak ekarri zituen Maider Beloki Kirol zinegotziak azaldu duen bezala.

Ordutegi berria 9:00etatik 21:00etara izanen da astelehenetik larunbatera, eta udan 10.00etatik  20.30etara egunero.  

Maider Belokik gogorarazi duenez, UPNren udal gobernuak murrizketak egin zituen ordutegian eta aldi berean Redin ikastetxeari baimena eman zion frontoia eguerdietan erabiltzeko. Hemendik aurrera, ikastetxe horrek, Iruñeko beste guztiek bezala, instalazioak erabiltzeko aukera izanen dute baita eguerdian ere.

Lizitazio berria

Bestalde, Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak gaurko bilkuran onetsi du laguntza teknikoaren kontratazioa, Sanduzelaiko Kirol Hiria (Aquavox), Arantzadiko kiroldegia eta Mendillorriko trinketa eta kiroldegia 2016. urtean kudeatzeko. Kontratuaren zenbatekoak 1.289.409,11 euro jotzen du, BEZa barne.

Lehenbiziko aldiz eskaini da hiruron kontratazioa batera, nahiz eta hori hiru ataletan banatuta egon enpresa txikien lehia errazte aldera. Kontratu bakar batez kudeatuko dira baliabideok baina Udalak hiru ataletan banatu du kontratua, bat kiroldegi bakoitzeko, enpresa txikiak ere lehiatu ahal daitezen kontratazio publikoan sartzeko.

Egun Sedena enpresak kudeatzen du Arantzadi, Gesportek Sanduzelai eta Eulenek Mendillorriko kirolgunea.

Esleipendun berriek subrogatu beharko dituzte egun kiroldegi horietan lanean ari diren langileak: 33, Arantzadin; 18, Sanduzelain, eta 9, Mendillorrin. Langileak kontratu eta lanaldi ezberdinekin ari dira lanean.

Kontratuak barne hartzen ditu atezaintza, sorospen, mantentze eta garbiketa zerbitzuak 2016. urterako, eta bertan hiru luzapen egiteko aukera aurreikusita dago. Baldintza-agirian jasota dago Arantzadiko eta Sanduzelaiko instalazioak irekita egonen direla ordutegi jarraituan, neguko aldian ere eguerdian itxi gabe; izan ere, une honetan 13:30etik 15:30era egoten da itxita. Gainera, berrikuntza gisara, Arantzadin udan San Pedrotik sartzeko atea ere irekiko da, eta horrela Arrotxapeko auzokideek eskuragarriago izanen dute sarrera.

Kontratazioa eginen da behin Mendillorriko trinketari dagokion kontratua 2015eko abenduaren 31n amaitu eta 2015eko urtarrilean esleitua izan zen Arantzadiko eta Sanduzelaiko kiroldegien kontratazio-prozedura Kontratuen Administrazio Auzitegiak baliogabetu ondoren. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!