Asteartera arte eginen dituzte lanuzteak, orduantxe eginen dute-eta bilera langile batzordeak eta zuzendaritzak.
Lanaldiaren erdian eginen dituzte geraldia: bi orduz lan egiten hasi, bi orduz geratu eta beste bi orduz lan eginen dute. Gainera, batzordeko ordezkariak Joseba Asiron Iruñeko alkatearekin bilduko dira ostiralean, eta Nafarroako Parlamentura joanen dira auziaren berri emateko.
Iragarpen okerrenak bete dira. 600 behargineri Enplegurako Erregulazio Espedientea irekiko diela esan du, eta horietatik 250 botatzeko xedea dauka, gainera. Orotara 620 langile daude. Ildo beretik, geratzen diren horiei lana 2018 arte baino ezin diela ziurtatu azpimarratu du.
Gogorrak dira neurriak. Kaleratzeez gain, baldintzek okerrera eginen dute: antzinatsuna murriztuko diete, soldatak izoztuko dizkiete eta "80 orduko malgutasun poltsa" ezarriko dute, besteak beste.
Enpresa Batzordeko kideek Nafarroako Gobernuaren esku hartzea eskatu, eta neurria "basatia" dela ziurtatu dute. Ordezkaritza duten sindikatuak biltzen ari dira, greba mugagabea eginen duten ala ez erabakitzeko. Enpresak "etorkizuna ziurtatzeko" proposatu duela esan du.
Gaur hasi dira negoziatzen enpresa eta langilea, eta 30 egunen buruan hartu beharko dute behin betiko erabakia.