Aurre-matrikulan euskarazko eredua hautatzeko aukera jar dezatela nahi du Euskalgintzak

Euskalerria Irratia 2016ko urt. 18a, 10:11
Euskalgintzako kideak Udaleko ordezkariekin bildu dira.

Iruñeko Udalari eskaera hori egin dio Euskalgintzak: "Haur eskoletan D eredua hautatuko ote luketen galdetuta jakin daiteke eskaerarik baden".

AEK, IKA, NIE, Sortzen, EHE, AET eta Karrikirik eskaera hori egin dio Iruñeko Udalari: Aurre-matrikula garaian gurasoei aukera hori eman diezaiotela, hau da, euskarazko ereduan izen emateko aukera balute, eginen ote luketen markatzeko aukera. D ereduan zenbateko eskaera izanen litzatekeen jakiteko aukeratzat jo du hori Euskalgintzak. "Zein auzotan nahiko luketen haur eskola eta euskarazko eredua hautatuko ote luketen galdetzea ezinbestekoa da eskaera errealagoa eskuratu ahal izateko", azaldu dute agerraldi batean Euskalgintzako kideek.

Martxoaren 1etaik 16ra izanen da aurre-matrikula kanpaina. Kanpaina horretan galdera horiek txerta ditzatela eskatu diote udalari. Eskaera zein den jakitea eta horren araberako eskaintza egitea beharrezkoa dela uste dute. Izan ere, euskarazko bi haur eskola daude bakarrik Iruñean: bata Txantrean eta Arrotxapean bestea. "Eskaintza gutxiegi egiten da Iruñean", uste dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!