40.958 euro bideratuko dituzte "bestelako" Udaltzaingoa lortzeko. Horrela dio Iruñeko udalaren prentsa oharrak.
"Parte hartzailea" izanen da azterketa, eta zehaztu ere egin dute prozesua bera: bost lan talde ireki prestatuko dituzte, auzoka banatuta, nahi duen horrek haren iritzia eman dezan. Izena eman daiteke 948 42 01 00 telefono zenbakira deituta. Anonimoak izanen dira lan-taldeak. Herritarrek poliziaren inguruan dauzkaten usteak eta iruditegia ikusi nahi dituzte antolatzaileek. Gainera, telefono bidez ere 500 inkesta eginen dituzte.
Barne analisia. Hori da egitasmoaren bigarren zutabea. Otsailean hasita, sei eta zortzi agentek osatutako bost lan talde prestatuko dituzte, barne giroa, lanaren banaketa eta generoarekin lotutako auziak lantzeko, besteak beste.
Kooperazioan eta lankidetzan oinarritutako "kultura poliziala" osatu nahi dute Iruñeko Udaltzaingoarentzat, idazkian jakinarazi dutenez.