Iruñeko Udalak 209 milioi euroko aurrekontua onartu du

Euskalerria Irratia 2015ko abe. 22a, 20:26

Aldaketaren aldeko indarrek diotenez “hiritarrengandik gertuago dauden ekimenak abiarazteko bide berria” zabaltzen dute aurrekontu hauek.

Gaur onartu dira 2016rako aurrekontuak urteko azken osoko bilkuran EH Bildu, Izquierda-Ezkerra, Geroa Bai eta Aranzadi taldeen aldeko botoekin. UPNk eta PSNk aurkako bozka eman dute.

Bere aldetik, UPNk osoko enmendakin bat eta zatiakako 33 aurkeztu ditu. PSNk beste 18 egin ditu. Hauek baztertu ondoren onartu egin dira gobernu taldeko alderdiek aurkeztutako edukin teknikoko 5 enmendakinak.

Oposiziotik Enrique Mayak aditzera eman du aurrekontu hauek “funtsezko proiektuak geldiarazten dituela” eta bere aldetik Maite Esporrin sozialistak azpimarratu du “langilego eta funtzionamendurako partidak handiegiak” direla eta “kontrolik gabe” hazi direla.

2016ko ekitaldian, lehen aldiz 2011z geroztik, Iruñeko Udalaren aurrekontuak ez dira izanen aurrekontu luzatuak. Aurrekontu berrietan gizarte izaerako partidak gehitu dira, inbertsioak egite aldera ikastetxeetan, gizarte-etxebizitzetan eta eremu zaurgarrietan, bai eta, besteak beste, gizarte langileen lanpostu-kopurua handitzeko ere. Halaber, proiektu berriak sustatuko dira: Autobusgeltoki zaharreko proiektua; auzo-lokalak eta partaidetza-zentroak; Donejakue Bideari buruzko interpretazio-zentro irisgarria eta hiri-baratzeak. Kulturari dagokionez, badira, bestalde, beste hainbat proiektu berri, Ziudadela arte-sormenaren erreferentzia bihurtzeko eta euskararen presentzia areagotzeko hala hirian nola udal-komunikazioetan. Aipagarriak dira, baita ere, Joaquín Maya musika-eskolarako, liburutegietarako, kirol-instalazioetarako, bidegorrirako eta berdeguneak hobetzeko zehaztutako partidak.

Orobat, euskarari esleitutako dirua hirukoiztu egin da, eta 191.990 eurotik 612.750 eurora igaroko da. Partida horietan, 30.000 euro bideratuko dira hiri-paisaia bi hizkuntza ofizialen errealitatearen arabera egokitzeko zereginetara, eta profil teknikoko bost kontratazio eginen dira Udalak euskaraz ematen duen zerbitzua indartzeko eta euskararen normalizazioaren alde lan egiteko.

Bestalde, Hiria jasangarriagoa izan dadin, proposatzen da 350.000 euro izendatzea mugikortasun jasangarria sustatzeko jarduketetarako, besteak beste, bidegorriak eraberritu eta sustatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!