“Olentzero badator” izeneko festa arratsaldeko 18:00etan hasiko da San Frantzisko Plazan eta bertan jarritako aterpean. Pablo Sarasate Kontsebatorioko “Egunsenti” ikasle taldea, 'Txispi eta Popi' pailazoak eta Nafarroako Magoen Elkarteko kideak arituko dira. Jarraian txokolatea, patata erreak, gazta, ogia eta ardoa banatuko dira bertara hurbiltzen direnen artean. Bukaeran ‘Lau urrats’ taldeak gidatuta jauziak dantzatuko dira plazan. Antolatzaileek baserritarrez jantzita joateko gonbitea zabaldu dute.
Iruñeko Udalaren 15.000 euroko laguntza
Aurten Olentzeroren Lagunen Elkarteak iaz baino 3.000 euro gehiago jaso ditu Iruñeko Udaletik haiek antolatutako ekimenak laguntzeko, denera 15.000 euro, hau da elkartearen aurrekontu osoaren erdia. Bestalde, Olentzeroren ongi etorri festaren kostoa, 7.500 euro, Udalak ordainduko du.
Laguntza ekonomikoez gain, Elkarteko kideek azpimarratu dute aurten Udalak eginen diola harrera ofiziala ikazkinari, lehen aldiz bere historia osoan.
Kartel lehiaketa
Aurreko urteotan bezala, Elkarteak kartel lehiaketa antolatu du. 25 ikastetxetako 8 eta 12 urte bitarteko 3.000 ikaslek hartu dute parte aurten. Aukeratutako kartelak, 10 ikastetxe bakoitzeko, San Frantzisko eskoletako atarian jarriko dira ikusgai abenduaren 22, 23 eta 26an, 18:00etatik 20:00etara.
Txondorra lehiaketa
Aurten lehen aldiz Txondorra saria emanen zaio kultura tradizionalaren sustapenean nabarmendu den pertsona, elkarte edo erakundeari. Epaimahaian Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Ana Herrera Nafarroako Gobernuko Kultura Kontseilaria egonen dira, besteak beste. Abenduaren 18an bilduko dira goizean saria nori eman erabakitzeko eta sari emate saioa abenduaren 24an eginen da, 12:00etan, Iruñeko Udaletxean.