Gaitzak hartu zuen Ione Atenearen aitatxi. Alzheimerra. Memoria ezabatzen duen eritasuna. Bilobak, baina, arte bilakatu zuen heriotzarainoko prozesua.
Oroitzapenen bidez, "(ber)eraiki" egin du aitatxiren istorioa, sortzaileak adierazi duenez. Gertakarien "interpretazioa" da erakusketa, "errepresentazioa", objetiboa ez, baizik eta "guztiz subjektiboa".
Kolorea eta gardentasun falta dira imajinetan ageri diren ezaugarrietako bi. Ez da kasualitatea. Errealitatearen eta fikzioaren arteko muga margotu nahi du artistak, amets baten gisako irudiak zirriborratu.
Lau multzotan berezi ditu irudiak. Lehenik eta behin, aitatxiren heriotza dokumentatu zuen; bigarrenik, familia bildumetako argazkiak jaso zituen. Hirugarrenik, hark idatzitako testuak pilatu ditu, eta, idazkiz idazki, agerikoa da bertan gaixotasunak utzitako aztarna. Bukatzeko, dolua gainditzeko egindako paisaien argazkiak ere txertatu ditu Ateneak bilduman.