Topaketa 18:30etan eginen da Zabalguneko Civivoxean, (Nafarroako Blanca plaza, 9, 3.a) eta bertan zinegotziak, Alorretako zuzendariak eta udal teknikariak izanen dira
Topaketa horretan, parte hartu nahi duten bizilagun guztiez gain, honako hauek izanen dira: Aritz Romeo Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako zinegotzi ordezkaria, Armando Cuenca Hiri Ekologia eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkaria, Itziar Gómez Zabalguneko auzoko zinegotzia, Xabier Ibáñez Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako alorreko zuzendaria eta Jesús Estanga Udaltzaingoko Talde Teknologikoko inspektorea.
Ekitaldian proiektua aurkeztuko da, eta kaleetan sortuko dituen eraginak azalduko dira, baita aurreikusitako planifikazioa eta eginen diren esku-hartzeak. Azkenik, bertaratuei hitza emanen zaie zalantzak galdetu, iradokizunak eman eta ekarpenak egin ditzaten. Proiektua azaltzeko hirugarren hitzordua izanen da hau, azaroan bilerak egin baitziren Alde Zaharreko Mahaiarekin eta Oinezkoen eta Bizikleten Behatokiarekin.
Zabalgunerako neurriak
Udalaren proeiktu honen arabera Sarasate pasealekua zirkulaziorako itxitako bulebar bat bilakatuko da, eta bertan garraio publikoa baino ezin izanen da ibili. Inguruko kaleetan, Alondegi eta Vínculo kaleak oinezkoendako egitea aurreikusi da. Halaber, Sarasate pasealekuaren, Yanguas y Miranda kalearen eta Oliveto Kondearen eta San Ignazio etorbideen arteko koadrantean aparkatzea bizilagunentzat bakarrik baimendu nahi da, eta, zirkulazio-intentsitatea murrizte aldera, zirkulazio-zirkuitu zehatzak ezarri eremu horretan.
Baluarte plazaren inguruan zirkulaziorako itxiko da Aita Moret kalea (salbu hiri-garraioarendako), Chinchilla Jeneralaren kaletik, oinezkoendako ibilbidea sortu eta Alde Zaharra eta Lehen Zabalgunea Baluartearekin eta Ziudadelarekin lotzeko. Halaber, Basotxo kalea ere oinezkoendako izanen da. Proiektuak, baita ere, hainbat aldaketa ekarriko ditu Lehen Zabalgunean bertan, hau da, Yanguas y Miranda etorbideak, Navas de Tolosa kaleak eta Armada etorbideak zedarritutako gunean. Gune horretako aparkatzeko eremu urdina eremu berde bihurtzeko aukera aztertzen ari da, egun osoan edo eremu urdinak funtzionatzen ez duen orduetan.
Aldaketa horien ondorioz, baita ere, Yanguas y Miranda etorbidearen zati bat (Sarasate pasealekuarekin bat egiten duen tokitik Chinchilla Jeneralaren kalera arte) zirkulaziorako itxiko da, salbu eskualdeko hiri garraioko ibilgailuendako. Autobus horiendako, tarte hori zirkulazioko bi norabideetan ezarriko da.