Nabarralde Saria eman zaigu aurten Euskalerria Irratiari.
Joan den abenduaren 2an izan zen sari emate ekitaldia Kondestablearen Jauregian, Nabarralde Fundazioko kide aunitz, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea eta Joseba Asiron Iruñeko alkatea bertan zirela.
Iruñerriko euskarazko irrati bakarra den Euskalerria Irratiak Nafarroan eman den aldaketarako beharrezkoa izan den indar hori “inork baino hobe” irudikatzen duela ere azpimarratu nahi izan zuen Tasio Agerre Nabarralde fundazioko lehendakariak Agerrek.
“Anitz izan dira modu kolektiboan, banaka, era publikoan edo anonimoki aldaketari bultzada eman dioten pertsona eta taldeak. Karikaturatik kantura, jazarritako Olentzeroa kalera ateratzen lagunduz, folklorearen bitartez tradizioa biziberrituz edo medioen bitartez injustiziei ahotsa emanez. Jende guzti horri, askoren indar horri eskaini nahi diogu gure omenaldia aurten”, adierazi zuen Agerrek. 26 urtez legearen babesetik kanpo emititzera behartua izan den irratiak aurten eskuratu du horretarako lizentzia, beraz, egindako ibilbidearen onarpena izateaz aparte, lizentziaren lorpenarengatik zoriontzeko balio izan zuen Nabarralde Sariak.
Hala, Nabarraldeko lehendakariak Reyes Ilintxeta eta Juan Kruz Lakasta Euskalerriko Irratiko esatarien eskuetan jarri zuen sariaren sinbolo bilakatu den aginte makila, dantzari batek Aurreskua eskaini ondoren. Ilintxetak saria eskertu zuen, “are gehiago kolektibo hau osatzen dugun beste kide baten eskuetatik” jasota. Lakastak, bere aldetik, Nafarroako aldaketaren alde borrokan jarraitzearen aldeko aldarria egin zuen: “Larremotzean aurrera egin badugu, haizea lagun dugunean are gehiago borrokatu behar dugulako”.
Lakastak ere gizartean biltzen diren talde eta kolektibo euskalzale guztiei behin betiko aldaketaren alde borrokan jarraitzeko deialdia egin zuen atzo, Nabarralderen makila jaso aurretik: ”Elkarrekin lan egin behar dugu, eskuzabal helburu berdina daukagunon artean”, azpimarratu zuen Euskalerria Irratiko erratariak.
Tasio Agerrek irakurritako manifestua:
Napartheidetik
Duela urte batzuk, marrazkilari, karikatusrista, musikari inkonformista eta bihurri talde batek Napartheid bezala izendatu zuten Nafarroak bizi zuen garai politikoa. Karikaturetan ohikoa den moduan, tragedia hego afrikarraren ispiluak ezerk baino hobeto irudikatu zuen segregazioan oinarritzen zen gobernu eredu hura, Opus Deiaren eta frankismoaren oinarri sakonenean sustraitzen zena.
Gu ginen Nafarroako beltzak, euskaraz mintzatzen ziren behe-mailako talde horiek, fabrika eta landetan lan egiten zuten horiek, bide hertzetan lurperatutako 1936ko fusilatuen memoria aldarrikatzen zuten horiek, beste garai bateko konkistaren biktimak, gaztetxeak okupatzen zituzten gazteak, Olentzero gaizkilearen defendatzaileak, gorputzaren jabetzarako eta gozamenerako eskubidea bereganatzen zuten emakumeak, auzoetako elkarteak edo mugimendu alternatiboak…
Despotismoa eta lapurkeria nagusi izan dituen urte askoren ondoren, hainbat kolore biltzen dituen koalizio batek zolda guzti hori desgobernuaren aulkitik garbitzea lortu du, nolabait ere. Ezin da erran, alta, boteretik ezabatzea lortu denik, oraindik ere eskura baitaukate handik eta hemendik; bai ordea erakunde batzuetatik, eta horrek aldaketa garaiaren esperantzari atea irekitzen dio, baita hildako ilustreen monumentuez jositako eszenatoki hau aireztatzeko ilusioari ere.
Koalizio hau behin-behinekoa, miresgarri bezain miragarria izan dela ezin dugu ahaztu, ordea. Oraindik ez da eredu hau sostengatuko duen eta eredu hego afrikarra behin betiko baztertuko duen gizarte blokerik sendotu bere inguruan. Aldaketa mantendu eta garatu nahi badugu, Napartheid horren bazterkeriatik borrokatu duen jendearen lanari merezitako errekonozimendua eskaini behar diogu, eurek jarri baitiote oinarria “mirariari”.
Anitz izan dira modu kolektiboan, banaka, era publikoan edo anonimoki aldaketari bultzada eman dioten pertsona eta taldeak. Karikaturatik kantura, jazarritako Olentzeroa kalera ateratzen lagunduz, folklorearen bitartez tradizioa biziberrituz edo medioen bitartez injustiziei ahotsa emanez. Jende guzti horri, askoren indar horri egin eskaini nahi diogu gure omenaldia aurten.
Ez dago Euskalerria Irratia baino hobeagorik Nabarralde Sariaren lekukoa jasotzeko, kolektiboa izan nahi duen onarpen horren froga bezala. Omenaldi zabal bat dela ahaztu gabe, hedabide hau izan da borrokaren aurpegi eta, batez ere, ahots nagusietako bat. Orain bere fruituak ematen ari den prozesuari datak eta izenak jarri dizkiotenak. 26 urteko militantzia lana izan da irratiak egindakoa, alegalitatearen sokaz lotuta, lingua navarrorum-aren bidez informatzeko eskubidea defendatzen Navarrorum horren hiriburutik bertatik, errekonozimendu ofizialik gabe, legearen itzalpetik, diru laguntzarik eta publizitaterik gabe…baina Iruñerriko euskaltzale komunitatearen bultzada guztiarekin. Euskaltzaleek irrati honek Iruñerrian egin duen lan fina baloratzen jakin baitute hasieratik eta euren arnasik gabe aspaldi itoa zelako uhinetako euskal hots bakarra.
Nabarralden gure euskal kulturaren babesaren eta berreskurapenaren alde lan egiten dugu, nafar ondarea den heinean eta guzti hori, Euskalerria Irratia bezalaxe, herrialde honen bultzada izan diren talde eta banako horien esfortzuaren errekonozimendutik igarotzen da.
Abenduaren 2an, Nafarroaren Egunaren bezperan, ospatuko dugu ekitaldia Kondestablearen Jauregian, arratsaldeko 6etan.