Hirigintza Gerentziak gaur goizean onetsi du urbanizazio- eta eraispen-proiektuaren lehen fase eta Zaragozako etorbidearen mendebaldean oinezkoendako lotura egiteko obrak amaitzeko epea luzatzea 2016ko martxoa arte, Sadar errekaren gaineko zaldaina, proiektuak barne hartzen duena, aldatu behar baita.
Zaldain berria metalezkoa izanen da, ez hormigoizkoa. Luzetarako bi habek osatuko dute. Habe nagusien goiko hegalek eskudelen zeregina beteko dute. Zeharkako habeen gainean profil laukizuzen batzuk kokatuko dira, eta horien gainean egur teknologikoko estaldura. Zaldainak 31,52 metro luze ditu, hormigoiz proiektatu zena baino bi metro gehiago. Diseinu berriak ekartzen dituen abantailen artean daude errekan gutxiago eraginen duela. Luzeagoa denez, zubi-brankak ibaiaren ibilgutik urrunago egonen dira, eta, horretaz gain, errazago muntatzen da, eta horrek ekartzen du ibilguan ia eraginik ez izatea. Egitura berriak Iruñeko Orfeoiaren parkean egindako zaldainen diseinuarekin bat eginen du, Sadar errekaren inguruko proiektuaren ekialderako jarraipena baitira.
Zaldaina aldatzeko beste arrazoietako bat da, hormigoiz eginez gero, ezarritako epean eraikitzea ezinezkoa dela; izan ere, krisi ekonomikoak mota horietako egiturak egiten dituzten enpresa gehienak desagertzea ekarri du.
Zaldain berria egiteak ez du ekarriko proiektuaren aurrekontua handitzea.