80 printze eta printzesa burusoil behar dira

Euskalerria Irratia 2015eko azaroaren 12a

Minbizia duten haurrentzako fofucha panpinak sortzeko lantegi bat eginen da Gaztediaren Etxeak azaroaren 21ean. 

Nafarroan, ADANOren datuen arabera, ia berrogeita hamar haur daude ospitaleraturik onkologia-ataletan. Haiei eta egoera berberean dauden Errioxako 15 adingaberi zuzenduta, proposamen bat egin du Iruñeko Udalaren Gaztediaren Etxeko erabiltzaile batek: lagun-talde bat prestatzea printze eta printzesa buroilak egitea Estatu mailako kanpainarekin bat eginez. Kanpaina hori elkartasun-ekimen bat da, eta abiapuntu izan zuen minbizia zuen neska batek Disneyri egindako eskaera: harekin identifikatzeko moduko panpina bat egin zezatela. Haren nahia asetze aldera, saldoka sortu ziren boluntarioak, eta sendagileek, hori ikusita, ezarri zuten zer baldintza bete behar dituzten panpinek ospitaleraturik dauden haurrengan kalterik sor ez dezaten: erabili beharreko foamy goma eta porexpan motak, purpurinak eta lekedak erabiltzean bete beharreko baldintzak... Sortzen diren panpinak fofucha izeneko motakoak dira, Brasilen jatorria duten panpina oso herrikoiak, foamy gomaz egindakoak. Oraingo kasu honetan, Printzesak eta Printzeak izen propioa dute: Itxaropena eta Kemena, hurrenez hurren. Haien jantziak koloretan diseinatu dira, berdean (itxaropena), zurian (araztasuna), arrosan (minbizia) eta urrekaran (haurren minbizia).

Iruñeko Udalak, Gaztediaren Etxearen bitartez, laguntza ematen du ekimen honetan; izan ere, materialak eta lan egiteko toki bat jartzen ditu eskura Etxeko instalazioetan, bertan lantegi bat egiteko azaroaren 21ean, zeina gero luza baitaiteke. Gauzak horrela, lagundu nahi duten orok modu antolatu batean egiten ahalko du, kontua ez baita bakoitzak panpina bat osorik egitea baizik eta panpina egiteko prozesuan laguntza ematea. Ekimen honen bidez, gutxienez 80 fofucha egin nahi dira. Kopuru hori gaindituz gero, ADANOk beste probintzia batzuetan banatuko ditu, baldin eta horietan ez badute lortu egitea ospitaleratutako haurrak adina panpina.

Erreferente burusoilak ilerik gabeko haurrentzat

Espainian, urtero, 850 haur ingururi diagnostikatzen diete minbizia, eta Ospitalea haien jolasgune bilakatzen da aldi luze samarretan. Konpainia batzuek, hala nola Mattel iparamerikarrak (Barbie panpinaren sortzailea) edo Alakanteko Berjuán konpainiak (Baby Pelones panpina), panpinek txikiengan duten identifikazio-gaitasunaz ohartuta, ilerik gabeko panpina-modelo batzuk ekoiztu dituzte.

Fofuchak egiteko ekimen honek, baina, ez du jostailu-industriaren beharrik. Berez elkarlanean aritzeko ekimen bat da, Facebook sare sozialean ekainean sortua, eta jada milaka boluntario ari dira hainbat herrialdetan ekarpenak egiten. Fofuchak egitea denon eskura dago, baina, hori bai, boluntarioen taldeek hornitzaileak behar dituzte; kasu honetan, Iruñeko Udalak jarriko du behar den materiala.

Interesa dutenek Gaztediaren Etxeko Boluntarioendako Zerbitzuaren bidez ematen ahal dute izena lantegi honetan, 948 233512 telefonora deituta, edo Zangoza kalea 30 helbideko instalazioetara joanda, Etxea irekita dagoen ordutegian (09:00 - 14:00 eta 17:00 - 22:00, astelehenetik ostiralera; 10:00 - 14:00 eta 17:00 - 21:00, larunbatetan, eta 10:00 -14:00, igandeetan). Horrez gain, urtean zehar ere 8-10 laguneko talde bat ari ohi da lanegunetako hainbat arratsaldetan panpinak sortzen. Halaber, Gaztediaren Etxean jasoko dira ekimen honetarako egiten diren fofuchak.

Helburua da 2016ko otsailerako panpinak jada banatuta egotea eta ez dadila egon haur bakar bat ere panpinik gabe onkologiako gaitzak jotako haurren artean, otsailaren 15ean ospatzen baita Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna. Kanpainak, baina, bigarren fase bat dauka, haur-filmak egiten dituen Walt Disney animazioko zine-konpainia handia jomuga daukana. Kanpainaren sustatzaileen asmoa da sinadurak biltzea, lana borobiltzeko, eta Disneyri eskatzea printze eta printzesa burusoilak protagonista dituen film bat egin dezala, eta horretan bildutako dirua haur-minbizia ikertzeko erabil dadila.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!