Bertsoaroa 2015

'Jota heretikoak: Hego Nafarroako bertsolaritza' hitzaldia Bertsoaroan

Euskalerria Irratia 2015ko urr. 21a, 10:21

 

Bertsoaroa kultur zikloaren lehen ekitaldia izanen da Jose Mari Esparza idazlearen hitzaldia. Ostegunean, 19:30ean, Kondestablearen Jauregiko Civivox Hitzaldi aretoan.

Iruñeko Udalak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutako Bertsoaroa 2015 aste honetan abiatuko da. Ostegunean Jose Mari Esparzaren jota heretikoen inguruko hitzaldia izanen da lehen ekitaldia, eta hurrengoa larunbatean Civivox Mendillorri zentroan 12:00etan eta 18:00etan Oskar Estangak eta Hodei Unzuetak eskainiko duten “Hor konpon Marianton” haurrentzako emanaldia.

Urriaren 22an hasi eta azaroaren 12ra arte zazpi emanaldi eskainiko du ziklo honek. Hemen egitarau osoa.

Jota heretikoak

Hona hemen Jose Mari Esparzari, jotei buruz Gorka Erostarbek egindako elkarrizketa Berria egunkarian 2012ko irailean:

Jose Mari Esparza: «Jota hilda dago kultur adierazpide herrikoi moduan»

Nabarrismoak jota bere ikurretako bat bihurtu eta sormena «ostu» diola dio idazle eta editoreak.

Joteroa gauza bat da, eta jota kantaria beste bat. Hala uste du, hala dio eta hala aldarrikatzen du Jose Mari Esparzak. «Gaur egun entzuten direnak jota kantariak dira, eta ez joteroak, erakundeen babes ofiziala jasotzen duten jota kantariak». Hala adierazi zuen Txalaparta argitaletxeko editore eta jotazaleak Jota heretikoak izeneko hitzaldian, herenegun arratsaldean, Donostiako Kaxilda liburu dendan. Ertz jaialdian eta Hirugarren Belarria jardunaldiei dagokien egitarauaren barnean eskaini zuen joten inguruko hitzaldi suhar eta aldi berean kritikoa.

Hogei urtetik gora dira Esparzak Jotas heréticas de Navarraliburua (Nafarroako jota heretikoak) (Altaffaylla, 1988) argitaratu zuenetik. Bigarren edizio bat prestatu berri du; beste 300 bat jota bildu ditu, eta istorio nahiz pasadizo gehiago ere bai. Hurrengo asteetan plazaratuko dute bertsio berria. Esparzak dio berritasunak izan arren tesia ez dela batere aldatu; hau da, frankismoaren eraginez aurrena, eta «nabarrismoaren» ondorioz hurrena, jotak utzi egin dio kantu bat-bateko, bizi eta sorkuntzazko izateari».

«Nabarrismoaren eta nafar tradizioen ikurtzat hartzen duten arren, jota ez da hain tradizio zaharrekoa», Esparzak azaldu duenez. «Nafarroan bazegoen kantuak eta koplak abesteko joera, eta Napoleonek Espainian hasitako gerrarekin batera zabaldu zen jotarako joera, XIX. mende hasieran». «Kontrakoak» izan zituen hasieratik, baina herri adierazpideek dituzten ezaugarri guztiak zituen. «Kritikatzeko erabiltzen zen, xaxatzeko, umorez aritzeko, pobreenek boterearen aurka duten herri arma moduan...».

Jose Mari Esparza Tafallan jaiotakoa da, 1951. urtean, eta joten tradizioa hurbil-hurbiletik jarraitu izan du, bere familian bat baino gehiago izan baitira joteroak. Berari ere gustatzen zaizkio jotak eta kantatzen ditu, bai lehengoak eta bai oraingoak. «Baina apenas egiten den jota berririk, eta egiten direnak oso aspergarri eta politikoki zuzenak dira». Nafarroaren azken 200 urteetako historia joten bidez kanta liteke. «Nafarroan izan diren gertakizun garrantzitsuenak joten bidez kontatu eta kantatu izan dira, baina gaur egun, hau da, frankismoaren osteko gertakari garrantzitsuenak ez dira kantatu; ez dira kantatu nafar nekazariek lurrarren pribatizazioarekin izan dituzten arazoak; ez da kantatu trantsizioaren porrota; ez da kantatu krisiaren eragina; ez dira kantatu nabarrismoaren gabeziak. Horiek guztiek ez dute jota bakar bat ere sorrarazi. Eta horrek esan nahi du herri adierazpide moduan jota hilda dagoela, fosilizaturik. Jotak mundu ofizialaren tronuan ipini dira nafar kulturaren erakusgarri modura, baina bat-batekotasunerako eta hausturarako gaitasun guztia ukatzearen eta herri adierazpide hau politikoki zuzena izatera behartzearen truke».

Hilda eta fosilizaturik egotearen ondoriok argiak dira, Esparzaren hitzetan. «Jotak erabilera ofizialetara eta eskoletara mugaturik daude. Horietan behin eta berriro errepikatzen dituzte jota zaharrak, oso estilo errepikakorrean, sorkuntzarako batere abildaderik gabe, eta inprobisaziorik gabe. Eztarri onak baino ez dira kontuan hartzen. Eta hori ez da nahikoa niretzat». Hortik egiten du Esparzak jotero eta jota kantarien arteko desberdintasuna. Jota modu sortzailean, irudimentsuan, umorezkoan eta era inprobisatuan darabilena litzateke joteroa, eta jota kantatu baino egiten ez duena jota kantaria.

Euskal Herriko beste zenbait adierazpideren aldean, jota atzendua geratu da, Esparzaren ustez; bertsolaritzaren aldean, esaterako. «Bertsolaritza ere zapaldua egon zen frankismoaren garaian, baina jakin du aurrera egiten espresabide bizi modura, inprobisazioari eta sorkuntzari eutsiz. Jotak ez du halakorik lortu inondik inora».

Frankismoaren hondar urteetan, 70eko hamarkadan jotak berpizte moduko bat izan zuen. «Talde berriak sortu ziren, eta gazteak kantuan hasi ziren, kalean, lehen egiten zen modura, eta euskarazko jotak ere agertu ziren». 

Raimundo Lanasen adibidea

Jotak izan duen figurarik handiena Raimundo Lanas izan da. Haren jardunak hauspo handia eman zion jotari eta haren zabalkundeari XX. mendearen lehen erdian. 1908an jaio zen Lamas, eta 1939an zendu. Herriz herri jota kantari ibili, eta segituan lortu zuen sona. Familia errepublikazale bateko kidea zen, baina haren biografia ofizialek besterik esaten dute. Esparzaren aburuz, Lanasekin nabarrismoak egindakoa da botereak ikurrak nola bereganatzen dituen erakusten duen adibiderik argienetakoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!