Iruñeak bat eginen du Bizikletaren Aldeko Sarearekin

Euskalerria Irratia 2015eko irailaren 16a

Bizikletaren aldeko plangintzak eta  jarrerak sustatu nahi ditu Iruñeko Udalak. Gaur hasi eta hilaren 22ra arte Mugikortasunarean Astea ospatuko da Iruñean. 

2009an sortutako Bizikletaren Aldeko Sarean Estatu osoko 120 hiri biltzen dira. Hiri jasangarria egitearen aldeko “konpromiso irmoa” erakutsi nahi du modu honetara Iruñeko Udalak eta horretarako  kutsadura gutxiago eragiten duten garraiobideak jarri nahi ditu hiritarren eskura. Hau da egun hauetan eta asteartera arte ospatzen ari den Mugikortasunaren Astean Udala zabaltzen ari den mezu nagusietako bat.

 

Mugikortasunaren Asteko egitaraua

Ostegunean Gazteluko Plazan ibilgailu elektriko eta hibridoen erakusketa bat eginen da. Ostiralean, bestalde, garraiobide desberdinetako lasterketa bat ospatuko da, hirian barna mugitzeko behar den denboraren inguruan dauden uste okerrak deuseztatzeko helburua duena. Eguerdiko 12:30etan Nafarroako Unibertsitate Publikotik sei persona abiatuko dira. Bat oinez, beste bat bizikletaz bide gorritik, beste bat bizikletaz baina errepidetik, laugarrena taxiz, bostgarrena auto elektrikoan eta seigarrena bilabesaz, haietako zein iristen den lehen Udal Plazara ikusteko.   

Ostiralean ere Iruñerriko Mankomunitateak INFOTUC informazio zerbitzua eskainiko du Carlos III etorbidean (Leire eta Merindadeen Plazaren artean) garraio publikoari argibideak emateko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!