Sanferminak 2015

Eraso sexista salatu dute ehunka herritarrek Udaletxe plazan

Euskalerria Irratia 2015ko uzt. 14a, 09:28

Jendetza bildu da Udaletxe plazan eraso sexista gaitzestera. Argazkia:gorairuñea

Erasoa gaitzetsi du Iruñeko Udalak, eta bat egin du protestekin. Ostegunean sexu erasoa jasan zuen 19 urteko neska batek Alde Zaharreko lokal bateko komunetan.

Udaletxe plazak atzo uztailaren 6ko irudia gogorarazi zuen. Jendetzak bat egin zuen ez jai giroa nagusi zedin, baizik, eraso sexista salatzeko asmoz. Ez zen jai giroa nagusitu beraz, baizik, haserrea eta aldarrikapena. Sexu erasoei ezetz esan zieten Iruñean.

Ostegun gauean, 19 urteko neska bati eraso zioten alde zaharreko lokal bateko komunetan. Erasoa salatzeko, elkarretaratze jendetsua egin dute. Hainbat kartel agertu dituzte protestan Eraso sexistarik ez, erasotzaileak kanpora! eta Emakumeen aurkako indarkeriarik ez lemekin, peña batzuen kartelekin batera. Udaleko talde politikoetako ordezkariak ere bertan izan ziren.

Erasoa ostegun gauean izan zen. 19 urteko neska bat komun batean atxiki zutela eta eraso egin ziotela jakinarazi dute Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeon Plataformak eta Gora Iruñea-k. Haien arabera, erasotzaile bat baino gehiago izan zen: "Batek sartu zuen neska komunean, eta gainontzeko mutilek laguna babestu zuten, barrez eta egoera hori onartuz", esan dute plataformetako kideek. Neskaren lagunek jarrera aktiboa izan zutela nabarmendu du plataformak, komunera joan eta atea kolpeka irekitzea lortu ondoren neska atera zutelako bertatik. Emakumeak salaketa jarri du Poliziaren aurrean, eta ikerketa zabalik da.


Plataformak jakinarazi du "intentsitate baxuko erasoak" izan direla aurten sanferminetan: irainak, ukituak eta abar. "Babes osoa adierazi nahi diegu sanferminetan edozein eraso jasan duten emakume guztiei". Jasandako erasoak salatzera deitu dute.

 Erasoa gaitzetsi du Iruñeko Udalak, eta bat egin du protestekin. Ohar baten bidez esan du "festaren barruan eta kanpoan gertatzen den eraso oro" arbuiatzen duela, eta horiekiko "zero tolerantzia" politikarekin jarraituko duela. Bide batez, eskerrak eman dizkie horrelako erasoak saihesteko lanean dihardutenei.

EH Bilduk ere bat egin du bilkurarekin. "Tamalgarria da emakumeok, egoera berean, festaz ezin disfrutatzea", adierazi du Bakartxo Ruiz parlamentariak. Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidenteak ere babesa agertu du.

Eraso sexisten aurkako kanpaina indartsua jarri du abian aurten Sanferminak Berdintasunean Iruñeko udal kontseiluak. Herritarren kontzientziari dei egitea izan du helburu, esanez: «Aizu! Urte osoan baimentzen ez duguna zergatik bai sanferminetan?». Bere fruituak eman ditu egunotan, hein batean, baina oraindik egiteko asko dagoela ohartarazi zuen Miren Aristu Sanferminak Berdintasunean taldeko kideak joan den astean Sanfermintza saioan. "Erasoak identifikatzeko orduan arazoak izaten dituztela onartu du, egoera asko orain arte normal-normal hartu direlako".

Aholku gida bat ere argitaratu du Iruñeko Udalak hainbat kolektiborekin batera, festetan sexu erasoak saihesteko, eta Sanferminak Berdintasunean taldeak aholkularitza gunea jarri du Gazteluko plazan. Hedabideek, tabernek eta herritarrek emandako atxikimenduak ere indartu egin du kanpaina.

Joan den asteartean bete ziren zazpi urte Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuela. 300 lagun inguru elkartu ziren Gazteluko plazan hilaren 5ean, Astelehen Lilak kolektiboak deitutako elkarretaratzean. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Parlamentuak ordezkaritza izan zuten Nagore Laffageri egindako omenaldian. Bertan izan ziren Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Ainhoa Aznarez parlamentuko presidentea, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, PSN eta Ezkerrako ordezkariez gain.

Uztailaren 7an udaletxea eta parlamentua lilaz argiztatu zituzten Laffageren omenez, eta, horregatik, eskerrak eman zizkien Asun Casasola Laffageren amak: "Gai honengatik gauza asko egitea espero dut; oso garrantzitsua da herritarrak eta erakundeak batuta egotea".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!