Sanferminak 2015

Marka guztiak hautsita, entzierrorik azkarrena

Euskalerria Irratia 2015ko uzt. 14a, 09:02

Miurako zezenek 2 minutu eta bost segunduan egin dute entzierroaren ibilbidea. Argazkia:eitb.eus

Miurako zezenek bi munutu eta bost segundutan egin dute entzierroaren ibilbidea. Bost lagun eraman dituzte erietxera erorikoen ondorioz jasotako kolpeengatik.

2015eko sanferminetako azken entzierroa izan da gaurkoa eta aurtengo azkarrena ere bai. Bi munutu  eta bost segundu iraun du zortzigarren entzierroak.

Oso azkarra eta baita arriskutsua ere. Santo Domingo aldapan ikusi ditugu lehen erorikoak, zezenek zenbait korrikalari kolpatu baitituzte lehen metro horietan, adarkadarik gabe hori bai.

Batez ere ibilbidearen azken metroetan izan da une arriskutsua: Telefonikako inguruan esaterako, hesiaren kontra jarriak zeuden zenbait kide kolpatu dituzte zezenek eta eroriko ugari eragin ditu horrek.

Kailejoian izan da beste arrisku unerik handienetakoa. Zezenak oso azkar sartu dira eta korrikalariak erori egin dira. Askoren aurka tupust egin dute zezenek eta adarra oso gertutik ikusi dute zenbaitek.

Korrikaldi politak ere ikusi ditugu Miurako zezenen aurretik aritu direnen artean.

Miurako zezenek eroriko asko eragin dituzte. Jaso dituzten kolpeen ondorioz sei lagun eraman dituzte ospitalera. Kolpe larririk ez dute.

Miurakoek aurten marka guztiak hautsi dituzte eta ibilbide osoa bi minutu eta bost segunduan osatu dute. Azken urteetako bizkorrena izan da gaurko entzierroa.Tradizio bilakatu dira Miura etxeko zezenak sanferminetan. 1970tik ez du inoiz hutsik egin, eta orotara 59 zezenketa eskaini ditu Nafarroako hiriburuan. Azkarrak izan ohi dira normalean Miurakoak, baina aurten marka guztiak hautsi dituzte.

Zaurituei dagokionez ere garbia izan da entzierroa. Gurutze Gorriaren datuen arabera, bost lagun eraman dituzte erietxera.

Bosgarren entzierroa izan da luzeena, Lanzahita etxeko zezenena, hau da larunbatekoa. Bi minutu eta berrogeita hiru segundu iraun ditu. Motzena, gaurkoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!