Sanferminak 2015

Ivan Gimenez (Txupin Etxepare ekimena): “Memoria historikoa berreskuratuko da Txupinazoan”

Euskalerria Irratia 2015ko uzt. 6a, 10:50

La Veleta peñako kideak 1931n, zuriz jantzi ziren lehen urtean.

Veleta Peñako ondorengoek txupinazoa bota ahal izatea “memoria  historikoa berreskuratzeko eta festen izaera herrikoia berpizteko” aukera dela nabarmendu dute Txupin Etxepare ekimeneko kideek.

Chantal Estradak botako du Veleta peñakoen izenean aurtengo Txupinazoa. Veletakoak izan ziren sanferminetan zuri-gorriz janzteko ohiturari ekin zietenak. “Liburu zaharretan Veleta peñakoen historia ezagutu dugu”, hala azaldu du Ivan Gimenezek Txupin Etxepare ekimeneko kideak. Mikel Aranbururen lan batean ere agertzen da Veletak txuri-gorriz janzteko zuen ohitura. Iruñeko Peñen historia liburuetan ere agertzen da dokumentaziorik Veleta peñaren inguruan.  

Txupin Etxepare ekimena, elkarte oso berria, memoriaren autobusa eta Peñen federazioen arteko elkartea da. Sanfermin herrikoien alde lan egiten zutenei sariak emateko sortutakoa. “Veleta peñen ondorengoek txupinazoa botatzeko aukera aztertu genuen lehenbizi”, azaldu du Gimenezek: “Veletako kide asko fusilatu eta errepresaliatu egin zituzten”. Veleta peñako kideak errepublikazaleak, ezkertiarrak eta langileak ziren. “Txupinazoa botatzeko aukera, sari hori ematea, sanfermin herrikoien aldeko apustua egitea da eta memoria historikoaren aldarrikapena”. Sanferminetan ohitura bilakatu zuten Veletakoek txuri eta gorriz janztea baina orain arte askok ez zekiten nondik zetorren ohitura hori, “hemendik aurrera, omenaldi kontziente bat eginen diegu Veletako peñakoei, zentzua emanen diogu janzkerari”.

Sanfermin zuri-gorrien ohitura

Veleta peñako kideek, 1931n, sanferminetan zuriz janzteko ohitura asmatu zuten. Bost urte geroago, 1936an, haietako asko fusilatu zituzten frankistek, errepublikazaleak, abertzaleak edo anarkistak izateagatik. Txupin Etxepare ekimenak, Iruñeko peñen federazioaren babesarekin, aurtengo Txupinazoa Veleta peñako kideen oinordekoek bota dezatela proposatu dute, memoria  historikoa berreskuratzeko eta festen izaera herrikoia bespizteko xedearekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!