Veleta peñako kideek, 1931n, sanferminetan zuriz janzteko ohitura asmatu zuten. Bost urte geroago, 1936an, haietako asko fusilatu zituzten frankistek, errepublikazaleak, abertzaleak edo anarkistak izateagatik. Txupin Etxepare ekimenak, Iruñeko peñen federazioaren babesarekin, aurtengo Txupinazoa La Veleta peñako kideen oinordekoek bota dezatela proposatu dute, memoria historikoa berreskuratzeko eta festen izaera herrikoia bespizteko xedearekin. Halaber, Txupinazoa jaurtitzeko prest diren oinordekoen zerrenda helarazi dio Udalari.
Alkatetzak Txupin Etxepare ekimenaren proposamena begi onez dakusa, ñabardura batekin: Iruñeko Orfeoiak aurten 150 urte betetzen ditu, eta hura ere txupinazoan protagonista izatea nahi du. Joseba Asiron alkateak dagoeneko Orfeoiko ordezkariekin mintzatu da. Hortik dator azkenean Udal Gobernu Taldeari egindako proposamena: La Veletakoen oinordekoek eta Orfeoiaren ordezkariek batera piztu dezatela Txupinazoa. Alkatetzak asteartean egindako bileran jakinarazi zien proposamena aldaketaren aldeko lau taldeei. Taldeok egunotan haien erabakiguneetan aztertzen ari dira. Biharko erabakia hartua izatea espero da.
Orain arte, udal taldeek jaurtitzen zuten Txupinazoa, handienetik txikienera, salbuespen batekin: ezker abertzalearen txanda iristen zelarik, UPNk baztertu izan du beste norbaiten esku uzten zuen. Joseba Asiron alkateak azaldu izan du legealdi honetan Txupinazoa urtero herritarrek botatzea nahi duela, eta gainera jaurtitzailea aukeratzeko erabakia herritarren esku utzi nahi dutela, prozesu parte hartzaile baten bidez. Haatik, lehen urte honetan ez denez halako prozesu bat antolatzeko astirik, Alkatetzak La Veletaren eta Orfeoiaren aldeko apustua egin du.