Asironek bere soldata jaitsiko du, baita zinegotzi ordezkariena ere

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 19a, 09:42
Joseba Asiron herritarrekin. Argazkia: irunea.ehbildu.eus

Iruñeko Udaleko Batzarrak gaur erabakiko du zein irizpide jarraituko duen soldatak jaisteko.

Alkatearen soldata eta zinegotzi ordezkariena jaistea izanen da Udal talde berriak hartuko duen lehen neurrietako bat. EH Bilduko alkate izendatu berriak, Joseba Asironek, bere soldata jaisteko proposamena eginen du eta baita zinegotzi ordezkariena ere: Patricia Peralesena, Joxe Abaurrearena, Aritz Romeorena eta Maider Belokirena. Aldaketaren udal gobernua osatzeko EH Bilduren, Geroa Bairen, Aranzadiren eta Ezkerraren konpromisoetako bat soldatak jaistearena zela gogorarazi du Hirigintza zinegotzi ordezkariak, Abaurreak.

Zein heinean jaitsiko dituzten soldatak gaur adostuko dute Iruñeko udaleko batzarrean aldaketa udalean ziurtatu duten lau alderdiek. “Soldatak Iruñeko udalean ez dira gehiegizkoak baina, gauden egoeran izanda, egokitzeko beharra ikusi dugu”, azaldu du EH Bilduk. Mahai eta eledunen batzarra izanen da gaur udalean. Bertan erabakiko dute besteak beste, alderdiek non izanen dituzten bulegoak, zein baliabide beharko dituzten eta aholkugile teknikoak beharko ote dituzten. Soldatak nola moldatuko dituzten heldu den asteko Mahai eta eledunen batzarrean erabakiko dute.

Udalaren barne egoera zein den jakiteko txostenak eskatuak dituztela argitu du Abaurreak: “Larrialdi egoeran legokeen arloren bat balego lehenbailehen erantzuna eman behar diogu”.

Lehen sanferminak alkate karguan

Prozesioan hartuko du parte Asironek aurtengo sanferminetan. Uztailaren 7an irtengo da gainerako zinegotziekin batera. EH Bilduko zinegotzi guztiek ez dute parte hartuko, “norberak hartuko duen erabakia izanen da”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!