Jendetzak hartu du parte Alde Zaharraren egunean

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 1a, 08:39

aldezaharra.org

Larunbatean Alde Zaharraren eguna ospatu zuten iruindarrek. Eguraldia lagun, kaleak jendez gainezka izan ziren.

Milaka lagun elkartu ziren larunbatean Alde Zaharrean auzoko eguna ospatzeko. Eguraldia lagun, ospakizuna kalean egin zuten iruindarrek. "Eguna txiki geratu da", nabarmendu dute antolatzaileek. Kalean sortutako giroarekin kontent izan ziren. Ekitaldi ugari antolatu zituzten haur, gazte eta helduentzat.

Alde Zaharreko egunarekin batera gainera, aurten, La calle en rosa izeneko ekimena ere izan zen. Nafar izendapeneko ardo gorriaren jaia izan zen San Nicolas eta Estafeta kaleetan. Gazteluko plazan liburu feriak ere arrakasta izan zuen. Guztiak eragin zuen jendeak festa batean zein bestean parte hartzeko.

Descalzos kalean ekin zioten Alde Zaharreko ospakizunei, Dianekin. Bisita gidatuak ere prestatu zituzten asteburuan eta modu horretan Sanferminen inguruko datuak, Gendulaingo Jauregia eta San Cerningo dorrea ezagutzeko aukera izan zuten askok. Erraldoi eta buruhandien konpartsa ere izan zen Alde Zaharrean. Puzgarriak, jolasak ... San Frantzisko plazan izan ziren. San Nicolas kalean artisau azoka izan zen protagonistetako bat eta tabernek zein peñek pintxoak eskaini zituzten.

Iruindarrentzat, kalderetea

150 lagun elkartu ziren Santa Ana plazan kalderetea eta paella jateko. Kolektibo askok eta peñetako kideek ere kalean jarri zituzten euren mahaiak eta eguraldia aprobetxatuta kalean izan zen ospakizuna egun osoan.

Arratsaldean musikak hartu zuen Alde Zaharra. Dantza taldeek kalejirak egin zituzten eta DJak ere ez ziren falta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!