Itziar Gomez da Geroa Bairen Iruñeko alkategaia. Bi legealdi daramatza zinegotzi Iruñeko Udalean. Iruñea zein Iruñeko Udala ongi ezagutzen dituela dio, eta gauzak beste modu batean egin daitezkeela.
Honatx Metropoli Foralean egin diogun elkarrizketako zenbait pasarte:
Aldaketa posible ikusten al duzu?
Aldaketa posible da, eta gainera ezinbestekoa. Urte gehiegi daramatzagu betiko politikarekin eta betiko politikarekin. Madarikazio baten menpe gaudela ematen du. Garaiak aldatu dira, garaia iritsi da erakusteko gauzak beste modu batean egiteko gai garela, gauzak ongi egiteko gai garela. Izan ere, urtetan esan dute haiek direla gauzak ongi egiteko gai diren bakarrak, baina diru gutxi egon denean haien gaitasunik eza agerian geratu da.
PSN aldaketaren aldeko indartzat al duzu?
Esaten ari dira aldaketaren bermea direla. Hori esaten dute, baina beste zerbait egin izan dute, beste politika bat egin izan dute. Ez dakit oso sinesgarria den. Ikusi beharko dugu besteen artean, Geroa Bai, Podemos, EH Bildu eta Izquierda Ezkerar artean gehiengo osoa lortzen dugun.
Udalean hauteskundeetan ez dago Podemos, baina Aranzadi hautesle elkarteak bere sostengua du. Zer deritzozu?
Ez dut oso iritzi argirik, ez baitago argi zer proposamen duten, zer eskaintzen dieten iruindarrei. Hautagaien arteko hainbat eztabaida egin ditugu, eta haien zerrendaburua bakarrera etorri da.
Boto abertzaleari dagokionez, EH Bildu da zuen aurkaria.
Oso lehia polarizatua irudikatu nahi izan dute, besteak beste, Esparza-Araiz eztabaidarekin. Baina gizartea ez da halakoa. Gizartea ez da hori. Guk aldaketa integratzailea nahi dugula diogunean hain zuzen ere hori esan nahi dugu, iritzi guztiak eta pertsonak hartu behar ditugula aintzat, integratu behar ditugula.
Zer balorazio egiten duzu UPNren agintaldiaz?
Alkate baten oinarrizko tresna, tresna nagusia, aurrekontuak dira, eta Maia lau urtean ez da gauza izan aurrekontuak aurrera ateratzeko. Horrekin dena esana dago.
Nolakoa izan zen Geroa Baiko alkategai izateko lehia?
Geroa Bairen udal taldeko kideek Iruñea eta Udala ongi ezagutzen zuen norbait nahi zuten hautagai moduan, eta ni izan nendin eskatu zidaten. Nik politika konpromiso pertsonal bezala ulertzen dut, eta gauzak beste modu batean egin daitezkeela uste dudanez, onartzea erabaki nuen. Gero Koldo Martinezek ere aurkeztea erabaki zuen. Gure asmoak azaltzeko denbora izan genuen, eta azkenean berak atzera egitea erabaki zuen.