Iruñean, udal hauteskundeetan bada indar berri bat: Aranzadi hautesle elkartea. Podemos-Ahal Dugu eta Equo alderdien sostengua du, baina ez da alderdiek osatua baizik eta pertsonek, haien bultzatzaileek behin eta berriz nabarmentzen dutenez.
Euskalerria Irratiak aste honetan Iruñeko udal hautagaitzetako ordezkariak elkarrizketatuko ditu. Datorrenean, foru hauteskundeetakoetakoak.
Lehen elkarrizketatua Aitor Balbas izan da, Aranzadi-ren zerrendako seigarren hautagaia. Bideoan elkarrizketa osoa ikus daiteke. Solasaldi horretako zenbait pasarte idatziz laburtu ditugu:
Podemos-Ahal Duguren sostengua duzue, baina hori lortzeko prozesuak polemika handia eragin du. Nola azaltzen duzue gertatutakoa?
Podemos alderdiak udal hauteskundeetan ez parte hartzea erabaki zuen. Eta Nafarroan hiru aukera planteatu ziren: inor ez sostengatzea; Cambiar Pamplona alderdi instrumentala bultzatzea; ala Aranzadirekin bat egitea. Jendeak bozkatu zuen, eta gurekin bat egitea erabaki zuen. Podemosek gure aldeko erabaki irmoa hartu du. Hala adierazi digute behin etra berriz. Eta kanpainan zenbait ekitaldi elkarrekin egin behar ditugu. Gainera, Podemoseko zirkuluetako hiru lagun dauzkagu gure zerrendetan.
Zergatik hautesle elkartea?
Hainbat arrazoi daude. Oso une berezia bizi dugula uste dugu, eta horregatik aurkeztu gara. Baina ez dugu lau urte baino gehiago eman nahi politikan. Eta hautesle elkarteek iraungitze data dute, legez ezin dute lau urte baino gehiago iraun. Bestalde, alderdi politikoengandik autonomo izan nahi dugu, ez dugu Bilbon edo Madrilen hartzen diren erabakien menpe egon, eta hautesle elkarteak ezin du bere barruan alderdirik eduki, ezin du koalizio izan.
Zergatik orain?
Berrogei urte iraun duen erregimenaren krisia bistakoa delako. Lau hamarkada horietan, muga asko eraiki dituzte: sozialak, politikoak, soziolinguistikoak… Horiek guztiak apurtu nahi ditugu. Argi dago erregimenak, UPNk ez dakiela zer egin honen guztiaren aurrean. Eta guk aldaketa bultzatu nahi dugu. 2007an, klase ertaina lehertarazi zuten. Herritarren erreskatea ezinbestekoa da. Herritarren mandatuak obedituz agintzera gatoz.
Politikoki non kokatzen duzue Aranzadi?
Tahir-eko zein Sol-eko plazetatik hurbil, Ocupy Woll Street-etik gertu. Zaharragoak diren mugimenduak ere baditugu gogoan. Baina baita berriak ere: hipoteken aurkako borroka, osasun zein hezkuntza sistemen defentsa. Hor jende berria sartu da, eta horrekin bat egin nahi dugu.
Zein emaitza espero dituzue?
Europako hauteskundeetan Podemosek Iruñean 10.000 boto lortu zituen, eta orduan indar ezezaguna zen. Hori aintzat hartuz, argi dakusagu gutxienez ordezkari bat lor dezakegula, baina uste dugu gauzak ongi eginez gero, jendeari gure proiektua ongi azalduz gero, askoz gehiago lor ditzakegula.