Sanferminak 2015

Aurten ere eraso sexisten aurkako kanpaina eginen du Iruñeko Udalak Sanferminetan

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 6a, 08:46

Erasoen aurrean herritarrak aktibatu eta indarkeria pairatzerakoan zein baliabide dauden jakinaraztea da Iruñeko Udalaren helburua. Prebentzioa eta sentsibilizazioa lortu nahi ditu.  

Eraso sexistarik gabeko jaien alde leloa izanen du aurten ere Sanferminetarako Iruñeko Udalak prestatu duen kanpainak. Ekainaren 6rako lasterketa bat antolatuko dute, informazioa helaraziko duen stand-a ere izanen da Gazteluko plazan eta baita ikastaroak zenbait sektoretako langileentzat ere: Udaltzainentzat, babes zibilaz arduratzen direnentzat eta komunikabideetako profesionalentzat.

Herritarren erantzuna aktibatu nahi du kanpainak eraso sexisten aurrean. Ez hori bakarrik, eraso bat pairatuta edo arrisku egoeran izanda zein baliabide dagoen jakinarazi nahi dute, arreta eskaini eta salaketak jartzeko babesa eman.

Emakumearen Udal Batzordeak egindako proposamenetik sortu da aurtengo kanpaina. Sanferminak berdintasunean izenarekin ari dira lanean beste hainbat talderekin batera, tartean: Ongizate eta Berdintasun arloa, Hiri segurtasuna, Hezkuntza eta Kultura arloa eta baita emakumeen talde zein jai herrikoiak antolatzen diharduten kolektiboak ere.

Ekainaren 6an lasterketa

Entzierroaren ibilbidean ekinen diote ekainaren 6an lasterketari. Zezen plazan amaitu ordez Gazteluko plazan emanen diote amaiera. Eguerdiko 12:00etan izanen da. Aldarrikapena egiteko baliatuko dute lasterketa. Gizonezkoek eta emakumezkoek hartzen ahalko dute parte. Emakumeek jaiaz libre, seguru eta berdintasunean gozatu dezaketela nabarmentzea izanen da xedea.

Informazio gunea jarriko dute Gazteluko plazan. Uztailaren 5etik 14ra izanen da eta adituek aukera emanen dute behar duenari laguntza eskaintzeko.

Ikastaro multzoak profesionalentzat

Egunkarietako, irratietako eta telebistako profesionalei zuzendutako ikastaroa eginen du Iruñeko Udalak. Iaz egindako kanpainari jarraiki, eraso sexisten aurrean edo indarkeria matxista komunikabideetan azaltzerako unean zein tratu eman behar zaion jorratzea da ikastaroaren nahia. Udaltzainentzat ere izanen da: “Eraso sexista baten aurrean lehen laguntza nola eman” izanen du ardatz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!