Internazionalaren txalapartaz eginiko bertsio berria

Euskalerria Irratia 2015ko api. 30a, 18:38

Maiatzaren lehena, Langileen eguna, aurten modu berezian ospatzeko LAB sindikatuak Hutsun Txalaparta talde uhartearrari bertsio hau egiteko eskatu dio. 

Internazionalaren bertsio hau harria eta egurraren hizkuntzan dago grabatua, txalapartaz. Txalaparta Euskal Herriko musika tresna da, dirudienez sagardogileek sagarrak txikitzean egindako jolasaren bidez sortua. Txalapartak elkartzeko deia zabaltzen du lau haizetara, festarako edota borrokarako. Internazionalaren txalapartazko bertsioa Hutsun Txalaparta Taldeak egin du, LAB sindikatuaren eskariz.

Bideo hau Nafarroako leku ezberdinetan grabatu da eta azken irudiak Iruñeko Gaztelu Plazan hartu dira Iruñea izan zelako “Nafar Estatuko hiriburu, Gaztelar Armadak 1512an indarrez konkistatu zuen arte. Iruñea da LABek proposatzen duen Euskal Estatu Sozialistaren hiriburu. Euskal herritarren, nafar herritarren, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du LABek, aldaketa soziala gauzatu ahal izateko.”


Mundu osoko langileek bere egin duten kantua da Internazionala. Jatorrizko letra, frantsesez, Pariseko Komunako hautetsi Eugène Pottierrek idatzi zuen 1871n. 1888an Pierre Degeyterrek musika ezarri zion. 1892an II. Internazionalak ezagun egin zuen kanta eta ereserkitzat hartu zuen. 1910eko azaroaren 3an mundu osoko langileen ereserki bihurtu zen Copenhageko Kongresu Internazionalean. 1919an III. Internazionalak bere egin zuen eta Sobietar Batasuneko ereserki nazional bihurtu zen, 1943. urterarte. Munduko hizkuntza gehienetan kantatua izan da, tartean euskaraz. Edukiari dagokionez bertsio komunistak, anarkistak nahiz sozialistak egin dira. LABek jakitera eman duenez “Bertsio hau, mundu osoko langileei eskainitako omenaldia da.”

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!