Zazpigarren aldiz abian jarri du Udalak Iruñeko egutegia osatzeko argazki lehiaketa

Euskalerria Irratia 2015ko api. 29a, 14:26

Iñaki Larreak irabazi zuen 2015eko argazki lehiaketa irudi honekin.

Maiatzaren 1etik urriaren 15era bitarte aurkeztu ahal izanen dira argazkiak: eszena bitxiak bilatzea izanen da gakoa oraingoan.

Iruñeko Udalak zazpigarren aldiz martxan jarri du argazki lehiaketa, 2016. urterako Iruñeko egutegia osatzeko. Irudi digitalak aurkeztu beharko dira eta maiatzaren 1etik urriaren 15era arteko epea dago lanak bidaltzeko. Iruñeko txokoak agertu beharko dira argazki horietan, eszena bitxiak topatzea da gakoa, Iruñea hiri ezberdina egiten duten guneak aurkitzea da 2016rako egutegia osatzeko nahi dituzten argazkiak.

Hilabete bakoitzeko hiru argazki bidali ahal izanen du parte hartzaile bakoitzak. Argazki bakoitza hilabete bakarrerako bideratu ahal izanen da eta irudiarekin batera non egina den ere bai. JPG formatuan eta 20x15 zentimetrotakoak izanen dira, 72 pixeletako erresoluzioarekin. Egileak argazkiaren kopia gorde beharko du 300ppp erresoluzioarekin, irudia irabazle suertatuz gero, publikatzeko egokia izan dadin.

Iruñeko Udalaren weborrian jaso ahal izanen da informazio guztia: www.pamplona.es

Sariak argazkirik originalentzat

Hilabete bakoitzeko argazki batek irabaziko du lehiaketa. Saria alde batetik, hiriko jatetxe batean afaria edo bazkaria bi lagunentzako izanen da eta bestetik, Sanduzelaiko Aquavox kiroldegirako bi pertsonentzako 10 eguneko bonoa. Horrez gain, 1.000 euro emanen zaizkio argazkirik onenaren egileari.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!