“Caravinagrerekin beldurra transmititu nahi nuen, eta haurra nolabaiteko kontrapuntua da”. Hala azaldu du bere lana Javier Erizek, aurtengo kartel lehiaketako irabazleak, eguerdiko 12:00etan jendaurrean aurkeztu dutelarik. Erize iruindarra da eta euskaldunon hiri buruzagiko Arte Eskolan egin zituen ikasketak. 2013an lehiaketako finalera iritsi zen, ‘Santo’ izeneko afixarekin.
Honako hau izanen da Caravinagre kilikiak sanfermnak iragarriko dituen laugarren aldia, gauza bera gertatu baitzen 1947, 1997 eta 2012 urteetan.
Aurten 5.124 iruindarrek eman dute botoa, iaz baino %47,4 gehiago, nahiz eta bozkatzeko epea joan den urtean baino zazpi egun laburragoa izan den. Erizeren lanak 1.511 boto jaso ditu, %29a hain zuzen ere. Bigarren bozkatuena Mogollon izan da,uztailaren 7ko prozesioa irudikatzen duen kartela.
Aurten orotara 462 lan aurkeztu dituzte lehiaketara. Epaimahaikideek apirilaren 15ean aurkeztu zituzten 8 finalistak, eta iruindarrek atzora arte izan dute botoa ematerik.
Gure webgune honetan, Joseba Beramendi Exprai marrazkilari eta disenatzaileari aurtengo zortzi kartel finalisten kritika egiteko eskatu genien, eta irabazlearen inguruan honako hau esan zigun: “Kartel piktorikoen azpisail honek urtero dauka ordezkariren bat, eta bere publikoa ere bozkatzerakoan. Ez dakit proportzioak zaindu gabe dauden, perspektibak huts egiten duen edo –pentsatzekoa da– bilatzen duen efektua ikusten dugun hau den. Konposizioaz aparte, gustatzen zait botereari irri egiteko duen irakurketagatik. Badakit kilikien izaeran dagoen zerbait dela, baina kartel batean horren agerian ikusteak grazia egin dit. Caravinagre eskerroneko ikonoa da egileentzat eta hiritarrontzat. Honek hainbat bozka ekarri ahal dizkio”.