Zumalakarregi sarrerako kaleak konponduko ditu Udalak

Euskalerria Irratia 2015ko api. 8a, 09:25

Erredin, Karmen eta Barkilleros kaleak eraberrituko ditu Iruñeko Udalak. 250.000 euroko aurrekontua dute lanek eta Fortius proiektuaren barruan jarri dituzte.

Kaleak egokitu eta zoladura jarriko diete Zumalakarregiko sarbide inguruko Erredin, Karmen eta Barquilleros kaleei. Enkantean dago proiektua uneotan eta aurrekontua 249.811,78 eurokoa da. Fortius programaren barruan jarri dituzte lan horiek Navarreriako Burgoan egindako lanaren jarraipena litzatekeena.

Erredin, Karmen eta Barquilleros kaleak batzen diren gunea egokituko dute. Kale horietan espaloiak eta galtzada maila ezberdinean dira orain eta lan hauekin dena maila batean jartzea da helburua. Harri naturalarekin, galtzada-harriarekin, harri zabalarekin, kareharri txuriarekin eta Baztango harri gorriarekin osatuko dute kale horietako lurra. Maila bakarrean jartzearekin batera oztopoak eta zailtasunak kendu eta erraztasunak emanen dizkiete herritar guztiei arazorik izan ez dezaten bertatik igarotzeko.

Lan gehiago ere bai

Lurrazpitik pasatzen diren hodiak berritzeko probestuko dituzte lan horiek egin behar izatea. Horrez gain, kale-argi gehiago jarriko dituzte.

Fortius proiektuaren barruko lanak izanen dira horiek. Helburu dute Iruñeko harresi gunea ondare gisa mantendu eta sustatzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!