Genero indarkeriaren aurkako elkarretaratzea deitu dute gaur Iruñean

Euskalerria Irratia 2015ko api. 4a, 09:31

Gasteizen ostegunean jazotako 29 urteko andrearen hilketa gaitzestea da helburua.

Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeen Plataformak deitu du elkarretaratzea iluntzeko 20:00etan Iruñeko Gazteluko Plazan, ‘Emakumeon kontrako indarkeriarik ez' lelopean.

Ostegunean Gasteizko Ricardo Buesa kaleko 3. zenbakian izan zen hilketa, genero indarkeriaren zantzuak dituen aurtengo lehena Euskal Herrian.  Ertzaintzak bikotekidea atxilotu zuen hiltzailea delakoan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek adierazi dutenez, ustezko hiltzailea bera joan zitzaien ostegun arratsaldean kalean zeuden bi ertzaini jazoeraren berri ematera: adierazi zien emaztea hil zuela, aizto batekin. Hark esandako tokira joan zirenean, hain justu, hilotz aurkitu zuten andrea.


Ertzainek adierazi dute beraienean ez zuela inoiz andrazko horrek genero indarkeriarekin lotutako inolako salaketarik jarri. Gizona berehala atxilotu bazuten ere, ikerketa bat abian da jazotakoa argitzeko, eta hainbat ertzain bikotearen etxean izan ziren atzo iluntzera arte, horrelakoetan ohikoak diren miaketak egiten. Besteak beste, ustez gizonak andrea hiltzeko erabili zuen aiztoa hantxe aurkitu zutela jakinarazi dute.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!