Larunbatean grabatu zuten, hilaren 21arekin. Goizeko 11:30ean, Mercaderes plazako balkoi atera ziren gaita jotzaileak, eta Otsagabiaren irteera jotzen hasi ziren. Dantzariak plazan ziren, kalez jantzita, eta emeki-emeki dantzan hasi ziren, inguruan ziren kaletarren harridurarako. Jota eta porrusalda batekin amaitu zuten dantzaldia.
Ez da, jakina, urteurrena ospatzeko prestatu duten ekitaldi bakarra. Urteurrena 2016ko urtarrilean da. Ordura arte, hilero zerbait eginen dute. Konparaziora, ostiralean, hilaren 27arekin, dantzari beteranoen taldeak Baztango dantzen inguruko dantzaldi didaktikoa eskainiko du Civibox Mendillorri zentroan, 19:00etan. Sarrera musu truk izanen da. Baina gonbidapenak txarteldegietan jaso beharko dira, 18:00etatik aurrera.
Aipatzekoa da halaber maiatzaren 24an, Dantzari txikien Eguna ospatuko dute, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako taldeekin. Ekainaren 20an, Zitadelan ikuskizun berezia taularatuko dute. Ekitaldi nagusia 2016ko otsailaren 20an eginen dute, Baluarten.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!