Igor Ijurra: "Iruñeko Orfeoia ez da abesbatza elitista bat"

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 17a, 13:21

Iruñeko Orfeoiak 150 urte beteko ditu Martxoaren 19an. Igor Ijurra zuzendaria Euskalerria Irratian izan da. Orain arte eginiko bideaz, egungo egoeraz eta etorkizuneko proiektuez mintzatu gara harekin. Tarteka, Orfeoiak abestutako zenbait grabazio entzuteko parada izan dugu.
Ijurrak nabarmendu duenez, “Orfeoiak beti izan du pisu handia Iruñean eta Nafarroan. Bisitatu ditugun herri guztietan bete egin ditugu aretoak. Musika klasikoaren zaleak ez ezik, klase orotariko herritarrak erakarri ditugu eta hori handia da guretzat”.
Musikari etxarriarrak hamar urte daramatza Orfeoia gidatzen.  Azken hamarkada honetan ibili da bereziki abesbatza nazioartean. “Zirkuitu berriak ireki ditugu gure mugetatik haratago. Asko ikasten da horrela. Bide batez, garrantzitsua da atzerrian erakustea hemen egiten dugun musika, gure jatorria eta sustraiak azagutzera ematea”.
Abesbatza amateurra da. Horrek, taldea asko aberasten duela adierazi digu Ijurrak. Balio handiak lantzen direla dio. Besteak beste, elkarlanaren garrantzia, persona ezberdinen arteko harremana eta diziplina.
Aurrera begira, erronka ugari ditu Orfeoiak. “Gazteak erakarri nahiko genituzke. Abesbatzek eta orkestrek errepertorioak egokituz beste estilo batekin landu ditzakete obrak, teknologiari erne erreparatu behar diogu, beti ere garena izateari utzi gabe”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!